Irunera itzultzea sustraietara bueltatzea da Isabel Muguruza Fernández de Valderrama ilustratzailearentzat. Nazioarteko marka handiak konkistatu dituen Isa Muguruza gurasoen jatetxean hasi zen bere lehen trazuak marrazten, eguneko menuen atzealde zurietan. Gaur egun, bere estilo azido eta feministaren emaitza Netflix, Vogue, Glamour Magazine, Miu Miu, Correos, Tinder, Adobe edo New Era markekin batera ikusi daiteke. Atalaia jatetxean, bere jatorrietara itzuliz, artistak bere alderdirik zintzoena erakutsi du urdin argi koloreko bakegune honetan.
Zein da burura etortzen zaizun lehen oroitzapena marrazkien inguruan?
Marrazketarekin loturiko lehenak hemen dira, gurasoen jatetxean, eguneko menuen atzealdeak marrazten. Beti igotzen zizkidaten eguneko menu guztiak, eta nik margotu egiten nituen. Hori da nire lehen oroitzapena. Eta ilustrazio gisa edo gauza profesionalago gisa, egia da txikitatik asko gustatu zaidala. Nik Jordi Labandaren koadernotxoak bereziki gogoko nituen, nahiz eta hor oraindik ez nekien zer zen ilustrazio lana, baina banekien hori asko gustatzen zitzaidala. Hori egitera iristearekin amesten nuen pixka bat. Beraz, hori izango litzateke nire lehen oroitzapena, nik uste.
“Asko gustatzen zait koloreekin jolastea”
Noiz pasa zen zaletasun hutsa izatetik zure lanbide izatera?
Bada, oso naturala izan zen, nik diseinua eta publizitatea ikasi nituenean. Ilustratzailea izatea gustuko nuen, baina nahiko eskuraezina edo utopiko samarra ikusten nuen. Orduan ni diseinatzaile grafiko lanetan aritu nintzen, harik eta Tantanfan argitaletxean lanean hasi nintzen arte. Han zegoen “Moderna de Pueblo” eta berak esaten zidan “zuk marraztu egin behar duzu eta Instagramera irudi bat igo egunero”. Eta horretan tematu nintzen, baina ez lana lortzeko helburuarekin, baizik eta ilustratzaileek, estatu mailako onenek, nola lan egiten zuten erreparatzen hasi nintzen. Justu haiekin agendak eta kutxatilak editatzen nituelako, eskolako materiala, alegia, eta lanari ekin nion. Haiengandik ikasi nuen, eta pixkanaka marka desberdinekin modu naturalean lan egiteko aukerak sortu zitzaizkidan, diseinatzaile izateari utzi nion arte.
Bilakaera horrek kolore paleta pertsonalizatua sortzera eraman zaitu. Nola definitu duzu?
Bada, gauza bera egiten duen hainbeste jende dagoenez, besteengandik ezberdindu nahian. Gure belaunaldia sare sozialen inguruan hazi da eta beste askori bezala, niri ere lana lortzen lagundu didate. Unibertsitatean ilustrazioak igotzen hasi nintzenean eta tonu pastelak, arrosak, horiak, gurin kolorea, orain oso modan dagoena, erabiltzen nituenean asko gustatzen zitzaidan, estetika oso gozoa zelako. Baina konturatu nintzen Instagramen arreta erakartzeko koloreen azidotasuna igo eta deigarriagoak egin behar nituela; izan ere, zu “scroll” egiten ari zarenean, zenbat eta kolore deigarriagoak izan, orduan eta arreta handiagoa jartzen diozu ikusten ari zarenari, berdin du publizitatea, ilustrazioa edo dena delakoa den. Orduan, asko gustatzen zait koloreekin jolastea; izan ere, nik marrazten dudana proportzio naturalekoa da, baina koloreak mundu errealetik bereizten laguntzen dit eta ikusleak kolore horiekin geratzen dira. Hau irudimenezko mundu bat da koloreak erabat desberdinak eta oso azidoak direlako. Orduan bai, kolorearen gaia ere naturala izan zen, baina baita atentzioa emateko asmoz ere.
“Hau irudimenezko mundu bat da koloreak erabat desberdinak eta oso azidoak direlako”
Zure lanetan beste protagonista nagusietako bat emakumeen gorputza da. Zergatik erabaki zenuen gai horretan arreta jartzea?
Bai, egia esan, uste dut emakume guztioi emakume izateak eta sentitzeak asko definitzen gaituela artista gisa. Ni askotan ilustratzaile feminista gisa definitzen naute, eta, jakina, feminista naiz, eta feminista gisa definitzen dut neure burua; azkenean, nire kezka eta obra guztiak markatzen dituen zerbait da. Eta gero konturatu nintzen, halaber, emakume batengan nik nituen edo nik marrazten nituen pentsamendu horiek islatuz, neska askok idazten zidatela. Hau da, nik neuk azalean orin asko ditut eta emakumeak horrela margotzen hasi nintzen eta emakume askok idatzi zidaten esateko xehetasun horri esker nire sorkuntzekin identifikatuago sentitzen zirela. Horrela, konturatu nintzen horrelako gauzak eginez sor nezakeela lotura bat nire jarraitzaileekin, nire lanari esker jarraitzen nauten eta laguntzen nauten neskekin.
“Baina, era berean, uste dut gure belaunaldia liken presioak, lortutako partekatzeek eta sareetako ikusgarritasunak guztiz markatuta dagoela”
Gaur egun, zu bezalako ilustratzaile batentzat, funtsezkoa izango da sare sozialetan egotea.
Begira, nik beti esaten dudan gauza bat esango dizut: Instagramengatik izan ez balitz, ziurrenik ez nintzateke ilustratzailea izango. Hortik kolaborazioak iristen hasi zitzaizkidalako eta une honetan niretzat TikTok edo Instagram beste lan bat bezalakoak diren puntu batean nago. Badakit astean X aldiz argitaratu behar dudala horietan. Gustatzen zait eta oso leku ona iruditzen zait gure lana erakusteko, industria apur bat demokratizatu delako; izan ere, lehen ordezkari bat eduki behar zenuen zure lana nonbaitera eraman ahal izateko, eta orain edonork igotzen du bere etxetik nahi duena, eta hori oso ondo dago. Baina, era berean, uste dut gure belaunaldia liken presioak, lortutako partekatzeek eta sareetako ikusgarritasunak guztiz markatuta dagoela. Konturatu naiz duela urte batzuk, benetan, nahi nuena marrazten eta igotzen nuela, eta orain askoz gehiago pentsatzen dudala sareetan egin beharrekoa. Horregatik, pena handia ematen dit, neurri batean, sareek sorkuntza prozesuetan eragin handia dutela sentitzen dudalako. Orduan, neurri batean, oso eskertuta nago sare sozialekin, haiei esker ari bainaiz lanean, baina, era berean, gure sorkuntza unea, egia esan, apur bat mugatzen dutela sentitzen dut.
Nola lortzen duzu marken eskariak zure estilora egokitzea?
Egia da ilustratzaile batzuk gehiago egokitzen direla, eta ni ere saiatzen naiz hori egiten, baina egia da oso estilo bereizgarria dudala, eta marka batek idazten didanean badaki gutxi gorabehera nik zer ilustrazio mota egiten dudan. Jakina, nik Movistar markarekin lan egin dut, eta nik nahi nuena egiteko askatasuna eman didate, baina Correoserako kanpainan berriz, gaia oso argi zuten. Oro har, egia da kontratatzen nautenean, gehienetan gaiak emakumearekin zerikusia duela eta baita nire lanak orokorrean ere, baina egokitzen saiatzen naiz. Beti dago lana markara egokitzeko aukeraren bat. Ilustratzaileak eta artistak bereizten gaituen zerbait da ilustratzaile batek marka batentzat lan egiten duela eta enkargu bat duela atzetik. Nik oso ondo bereizten dakit ilustrazioak niretzat direnean eta marka batentzat direnean eta, beraz, markak aurrez definitutako patroi batzuk errespetatu behar direnean. Beti hor geratzen da nire zigilua, oso ezaguna delako, baina egokitzen saiatzen naiz.
“Eta niri duela hamar urte esan izan balidate marka horiekin lan egingo nuela, ez nuke sinetsiko”
Nola iritsi zara Movistar, Netflix, Correos, Miu Miu, Tinder eta halako marka ospetsuekin lan egitera?
Lehengo egunean pentsatzen aritu nintzen, eta egia da ilusio handia egiten didala. Eta niri duela hamar urte esan izan balidate marka horiekin lan egingo nuela, ez nuke sinetsiko. Eta egia da normalizatzen duzunean ez dela hainbesterako, baina benetan bada; horrela da eta oso harro nago. Niri ilusio gehien egiten didana da marka batek nirekin errepikatzen duenean eta bigarren gauza bat eskatzen didanean, nire lanarekin pozik geratu direlako.
Behin maila horretan lanean hasten zarenean, etxean bizitakoak eta ikasitakoak urruti geratzen direla esango zenuke?
Ea, ni ez naiz hain urrun sentitzen, marka garrantzitsuekin egiten dut lan, baina influencerren munduan ere ez nago. Baina bai, jakina, nire gurasoek erakutsi didaten guztia nire lanean aplikatzen dut eta etxera, Irunera, ahal dudan guztietan itzultzen naiz. Izan ere, orain nire urtebetetzea delako etorri naiz, eta hemen ospatu nahi nuen, familiarekin.
Zein da orain arte egin duzun lanik garrantzitsuena?
Niretzat oso lan berezia izan zen Miu Miurekin lan egitea; izan ere, niri Prada izugarri gustatzen zait, eta haiekin aritu nintzen lanean Lisboako eta Madrilgo dendetan, denboraldiko bezeroek eramaten zituzten osagarriak zuzenean marrazten. Bezero bakoitzak ilustrazio pertsonalizatua eraman zuen eta jende interesgarria ezagutzeko aukera eman zidan. Gainera, ni Madrilen dendatik oso gertu bizi nintzen, eta beti pentsatu dut marka oso gogoko nuela; beraz, oso oroitzapen berezia da. Eta gero beste bat Correosentzat egin nuen Espainiako historia feministako emakumeen zigiluen bilduma izango litzateke. Oso emakume interesgarriak ezagutzeko aukera eman zidana. Esateralp Maruja Mallo, nor zen ere ez nekien artista. Uste dut oso emankorra izan zela bientzat, bai Correosentzat, bai niretzat.
Zure sortze prozesuari dagokionez, errutina oso markatua duzu?
Nik bai, oso errutina markatua dut. Badira inspirazioagatik gehiago mugitzen diren artistak; nik ordea uste dut denok garela sortzaileak benetan, eta uste dut niri oso ondo datorkidala lanerako errutina bat izatea. Egia da goizetan gehiago kostatzen zaidala sormenezko gauzak egitea, beraz, lan batzuk eramaten dizkidan Cayetanarekin koordinatzen naiz eta gauza garrantzitsuak egiten ditut, mailing-a edo bilerak. Arratsaldeak lasaiago hartzen ditut, marrazteko. Jakina, proiektu batzuek asteburuetan ere lan egitera behartzen naute, eta nire proiektu pertsonalak ere hor daude, aparte. Orain tatuatzen hasi naizenez, hori arratsaldeko 18:00etatik aurrera jartzen dut gutxi gorabehera, baina nahiko zorrotza naiz errutinarekin.
“Tattoo ikastaro bat egin nuen eta berrogeialdian makina bat erosi ondoren, nire pasioa dela jakin dut”
Tatuatzaile gisa, presio handiagoa sentitzen duzu ezabaezina den zerbaitetan ari zarela jakinda?
Bai, erabat. 32 urte ditut eta nire lana asko gustatzen bazait ere, zerbait berria ikasi nahi nuen. Tattoo ikastaro bat egin nuen eta berrogeialdian makina bat erosi ondoren, nire pasioa dela jakin dut. Hau da, nahiago nuke duela hamar urte tatuatzen hasi izan banintz. Egia da oso zaila dela, zeren eta, noski, oso kontzentratuta egon behar duzu, ez Photoshopekin bezala, beti egin duzuna desegin dezakezula baitakizu. Era berean, oso berezia da norbait bere azalean zure marrazki batekin betiko geratzea. Gainera, jendea ezagutzeko modua da, nik bestela bakarrik lan egiten baitut egun osoan. Orduan nire lanerako oreka ona iruditzen zait.
Etorkizunean, beste zerbaitetan aritu beharko bazenu, zer aukeratuko zenuke?
Ba asko gustatuko litzaidake modako estanpatuetan lan egitea. Uste dut etorkizunean ilustrazioan gaizki badoakit edo beste zerbait bilatu beharko banu, horren inguruan lan egin nahiko nukeela marka garrantzitsuren batean. Jakina, publizitate agentzian lanean aritu naiz, eta horretan ere ikusten dut neure burua, lan oso sortzailea iruditzen baitzait. Dena den, gehiago ikusten dut neure burua produktuaren diseinuarekin zerikusia duen zerbaitetan edo, bide beretik, ilustrazioarekin zerikusia duen zerbaitetan.
“Ba asko gustatuko litzaidake modako estanpatuetan lan egitea”
Zure sorkuntzen ondarea nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?
Ba egia esan, ez dakit. Ez nuen inoiz pentsatu. Benetan gustatuko litzaidake emakumeen aldeko eta emakumeentzako ilustratzaile gisa gogoratzea. Bai, nire publikoa % 90 emakumeak direlako. Beraz, baraientzat da, guretzat.
Zer kolore erabiliko zenuke zure egungo biziunea deskribatzeko?
Urdin argia. Bakea, lasaitasuna eta ongi, pozik egotea. Beraz, bai, urdin argia.
Isabel Muguruza Fernández de Valderrama
Isa Muguruza ilustratzaile irundarra da, eta bere ibilbidean hainbat sormen arlo jorratu ditu: ilustrazio digitala, pintura, ehun estanpazioa, diseinu grafikoa eta arte zuzendaritza, besteak beste. Bere unibertso koloretsu eta berritzaileari esker, lankidetza garrantzitsuak lortu ditu nazioarteko markekin, hala nola Netflix, Vogue, Glamour Magazine, Miu Miu, Correos, Tinder, Adobe edo New Erarekin. Horrez gain, bere lanak hainbat hiritako erakusketetan ikusi ahal izan dira, adibidez, Madrilen, Bartzelonan, Milanen eta Sevillan. Instagram eta Tik Token Isa Muguruza sinadura eta dituen profilak bere sormenaren, irudimenaren eta talentuaren erakusleiho bihurtu dira.



