Juan Thalamas Labandibar kaleko bost ezki moztuko dira aste honetan

Irungo Udaltzaingoak jakinarazi duenez bost ezki moztuko dira aste honetan Juan Thalamas Labandibar kalean. Zuhaitzen mozketa maiatzaren 13an, asteartean, hasi eta maiatzaren 15ean, ostegunean, amaitzea aurreikusten da. Udaletik jakinarazi dutenez, ezkien mozketak eragina izango du auzoko trafikoan.

Mozketarako udalaren arrazoiak

2024ko azaroaren 24an alerta laranja aktibatu zen 120 km/h-raino haizeteengatik, eta udaletik azaldu dutenez, “sakon aztertu da Juan Thalamas Labandibar eta Dario de Regoyos kaleen arteko ezpondako belardi naturalean dauden 26 ezkietako (Tilia tomentosa) 19ren egoera”. Gehienak helduak dira, eta fisiologikoki egonkorrak. Azterlan biomekaniko eta fitopatologikoak egin dira, baita arrisku-ebaluazioak ere, eta ikusi da bost ezkik akats larriak dituztela. Ondorioz, zuhaitz horiek moztea erabaki da.

Irungo Udalaren arabera hauek dira, zehatz, bost ezki horiek mozteko arrazoiak: batek lepoa lurpean dauka eta hazkundea geldituta; beste batek arrakala ireki bat dauka; beste bat okertuta dago; beste bat ezegonkor dago eta azkenak egur ustela eta narriatua dauka oinarrian. Zuhaitzak guztiz erretiratuko dira, eta datorren landaketa sasoian beste batzuk landatuko dira libre geratutako tarteetan.

Artiako Lagunak elkartearen salaketa

Artiako Lagunak elkarteak ordea,uan Thalamas Labandibar kalean eztien mozketa “Suntsiketa progresibo” bezala deskribatu du,  Irungo Udala ezkien ilara ahultzen eta pixkanaka desagerrarazten ari delakoan. Elkartetik 5 ezki gehiago mozteko asmoaren berri eman dute.

Gainera, mozketa egiteko erabakia  “Irungo Udalak isilpean mantenutako txosten tekniko baten arabera” hartu dela salatu dute. Txostena Tecnigral enpresak egin duela azaldu dute elkartetik, Artiako Lagunak elkartearen arabera, “Sevillan eta beste hainbat hiritan mozketa masiboak babestu izan dituen enpresa ezaguna·. Elkartetik azpimarratuko dutenez, txostenak 5 ezkien artean gehienek bizitasun ertain-altua eta berreskuratzeko gaitasuna dutela onartzen duen. Elkarteak gaur goizean zabaldutako komunikatuan irakurri daitekeenez, “esku-hartze hau ilararen ahultze eta suntsitze planifikatu baten parte da, ezki horiek egitura bakar gisa funtzionatzen baitute. Ale batzuk kentzeak oreka hausten du eta gainerako zuhaitzak arriskuan jartzen ditu, erorketa berriak erraztuz”.

Horregatik, Artiako Lagunak orotara hiru “irregulartasun larri” salatu dituzte. Batetik, txostena hilabetez ezkutuan eduki izana Irungo Udaleko teknikariek eta zinegotziek, mozketa egiteko astea iritsi arte, nahiz eta bost hilabete baino gehiagoz informazio eskaera formalak egin diren. Bestetik, azaroan haizetean galdu ziren ezkiak oraindik ordezkatu ez direla aipatu dute. Azkenik, udalari 2020ko mozioan onartutakoa urratu izana leporatu diote: “bertan adostu zen jarraipen txostenak Tecnatura taldeak egingo zituela, Doctor Árbolen gainbegiraketarekin. Horren ordez, Tecnigral enpresari eman zaio ardura, zuhaitz mozketak justifikatu izan dituelako kritikatu duten kolektibo eta adituen aurrean”.

Era berean, esku-hartze hau konserbazio-alternatibarik gabe burutu nahi izatea salatu dute Artiako elkarteko kideek, aurreko txostenek proposatutako irtenbide arinagoak guztiz baztertzen dituelako: adarrak gutxitzea, lurzorua hobetzea, berrikuspen periodikoak eta Donostian erabiltzen diren euskailu-sistemak, besteak beste.

Artiako Lagunak elkartetik adierazi dutenez,  ezki ilara honek ez du bakarrik balio sinboliko eta ingurumen-balio kalkulaezina, baizik eta GI-636 errepideko trafikoak sortzen duen zarata eta kutsaduraren aurkako “babes-horma” ere bada. “Haren desagerpenak auzorako galera larria eta Irungo ondare berdearen aurkako eraso zuzena ekarriko luke”, gaineratu dute.

Arrazoi horiek medio, eskaera zerrenda hau zabaldu dute: Ezkutuan dauden txosten guztiak eta haien eranskinak berehala argitaratzea, galdu diren ezkiak premiaz ordezkatzea, Udalbatzaren akordioak zorrotz betetzea eta zuhaitzen kudeaketa garden eta kontserbazioan oinarritua egitea, ez suntsiketan.

Trafiko aldaketak

Lan horiek egiteko, GI-636 errepidea moztuta geratuko da Osinbiribil eta Behobiako biribilguneen artean maiatzaren 13an, 14an eta 15ean 9:15etatik 15:45etara. Ordezko bide hauek proposatzen dira:

  • Behobia eta Nafarroarantz: Artiga ibilbidean eta Dario de Regoyos kalean barrena.
  • Donostiarantz:
  • Behobian bertan sartzea AP-8ra (gomendatutako aukera).
  • Behobiatik Hendaiara pasatzea eta GI-636ra itzultzea Santiagoko zubitik.
  • Blaiako hilerrira igotzea Zaisa III barrutik eta Juan Wollmerrera jaistea Osinbirilera iristeko.

Udaltzaingoak eskerrak ematen dizkie herritarrei egoera kudeatzen laguntzeagatik eta hiru egun horietan ibilgailuarekin egin beharreko joan-etorrien plangintzan azaldutakoa kontuan izateagatik. Ibilgailua erabili behar izanez gero, Udaltzaingoak goian aipatutako eremutik kanpo aparkatzeko deia luzatzen die herritar guztiei.

Aldaketak Irunbusen

Ezkien mozketak ere eragin izango du Irunbus zerbitzuko L1 linean, 09:15etatik 15:45etara.

Irteerak Zaisatik egingo dira 30 minuturo 09:15etatik Aurrera eta 15:15ak arte, Dunboako anbulatorioraino iritsiz, non erabiltzaileek bus-aldaketa egin beharko dute, Behobiako geltokia bertan behera geratuz.

Irteerak Dunboako anbulatoriotik Ospitalerantz 20 minuturo izango dira, 09:00etatik 15:40etara. Irteerak Ospitaletik Dunboako anbulatoriora 20 minuturo izango dira, 09:30etatik 15;50etara, 09:15etako lehenengo irteera izan ezik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude