Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak Pablo Gonzálezen auziari buruzko hitzaldia antolatu du apirilaren 18rako, ostegunerako. Hitzaldian parte hartuko dute Oihana Goiriena Pabloren emazteak eta Maribel Martínez FreePablo Elkarteko idazkariak. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da.
Pablo Gonzálezen kasua
Pablo González errusiar jatorriko euskal kazetaria 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, ukrainiar errefuxiatuen etorreraren berri ematen ari zela. Errusiaren aldeko espioitza egiteaz akusatuta atxilotu zuten.
Harrezkero, bi urte baino gehiago daramatza segurtasun goreneko modulu batean, isolamendu baldintza oso gogorretan, eta inkomunikatuta, familiarekin hitz egiteko aukerarik gabe eta bi bisita baino ez ditu izan. 8 aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia baina oraindik ez dute aurkeztu bere aurkako froga ez kargurik, eta ez dago epaiketarako datarik.



