“Kontsumitu bermearekin. Erosi Irunen” kanpaina hurrengo fasean sartuko da. Izan ere, herritarrek martxoaren 1era arte parte hartu ahal izango dute kanpainan, saltoki laguntzaileetan eskuragarri egongo diren inprimaki batzuk betez, kontsumitzaileen eskubideei eta betebeharrei buruzko galderekin. Kanpainaren bukaeran, parte hartzaileen artean 40 bonu zozketatuko dira, kanpainara atxikitzen zaizkion saltokietan gastatzeko 60 eta 30 euroko txartelekin.
Gaur goizean, Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzada eta Ekonomia Sustapeneko ordezkaria eta Sandra Caballero Kontsumoko ordezkaria kanpainarekin bat egin duten dendetako batera, Disconsu, hurbildu dira, hedabideei hurrengo urratsaren berri emateko.
Saltoki hauek atxiki dira kanpainara: Sara Isabel Molinero Barbeira farmazia, Diago Larrache farmazia, Merino Orozco farmazia, Lapice farmazia, Palmera Montero farmazia, Edertu ile-apaindegia, Leire Sport, Yune, Duck, Jeca, Jeca Chico Centro, Bost, Brikolaje Easo, Mercería Dori, Ferretería Gaztelu, Multiópticas, Disconsu, Jurpis Decoración eta Gabilondo – Valira.
Nola parte hartu
Kanpainari atxikitzen zaizkion saltokiek kartel bat jarriko dute erakusleihoan, sustapena zertan datzan azaltzen duena, eta txartel formatuko formulario batzuk izango dituzte, kontsumitzaileen eskubide eta betebeharren inguruko galderez osatutakoak, baita haiek sartzeko kutxa bat ere. Kanpainaren bukaeran, zozketa bat egingo da galdetegiari erantzun diotenen artean; saria, kanpainari atxikitzen zaizkion saltokietan 60 eta 30 euroko erosketak egiteko 40 bonu.
Epea amaituta (martxoaren 1ean), zozketa bat egingo da erantzun egokiekin, eta 60 eta 30 euroko 40 erosketa-txartelen irabazleak jakinaraziko dira. Azkenik, martxoaren 15ean ospatzen den Kontsumitzaileen Eskubideen Eguna dela eta, ekitaldi bat egingo da irabazleei txartelak banatzeko.
Hiriko 21 saltokik ekimen honetan izena eman ondoren, Alzagak balioa eman nahi izan dio “tokiko saltokiek kanpainarekin bat egiteko duten konpromisoari, kanpainaren protagonista nagusiak baitira. Udaletik etengabe bilatzen eta martxan jartzen ditugu tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren aldeko politikak, eta hori bereziki egokia iruditzen zaigu horiek biziberritzen eta bultzatzen jarraitzeko”.
Bestalde, Kontsumoko ordezkariak nabarmendu duenez, “kanpaina honek ezin hobeto islatzen du KIUBen eginkizun nagusietako bat, hau da, kontsumitzaileen eskubideak sustatzea eta zabaltzea. Tokiko saltokien lankidetzari esker, orain bezeroen konfiantza saritzeko aukera dago, hauek modu erraz eta eraginkorrean fidelizatu ahal izateko”.



