La Salle ikastetxeko ikasleek piztuko dituzte 2025eko Gabonetako argiak Irunen azaroaren 29an

Irunek Gabonetako argiak pizteko atzera kontaketa hasia du. Horretarako, azaroaren 29an, larunbatean, San Juan plazan aurtengo Gabonetako argiak pizteko ohiko ekitaldia egingo da. Bertan parte hartuko dute, Irungo La Salle eskolako ikasleek, alkatearekin batera argiak pizteko ardura izango baitute. Aurten ekitaldia ohi baino lehenago egingo da eta ekintzak arratsalde osoan zehar egingo dira.

Hala iragarri dute Irungo alkate Cristina Labordak, eta lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkari Nuria Alzagak, gaur Irungo La Salle ikastetxean bertan eman duten prentsaurrekoan. Jardueren programa eta ekitaldiaren protagonistak izango direnak bertatik bertara aurkeztu dituzte:. Ikasleekin batera, ekitaldiaren antolaketan sartuta dauden herriko kultur eragileek ere parte hartu dute aurkezpenean: José Irigoyen, Bidasoako Erraldoiak taldearen izenean; Garikoitz González, ‘Irun Hiria’ musika bandaren izenean; Amaya Liceaga, Kontserbatorioaren eta Musika eta Dantza Eskolaren izenean; eta Asier Burguete eta Alex de las Heras, A&B Shows taldearen izenean.

Irungo alkateak adierazi duenez, “urteko unerik berezienetako eta esperotakoenetako bat da”, eta Irunen Gabonen hasiera markatuko du: “Iaz ere planteatu genuen Gabonetako hasiera ofiziala markatzen duen hiri ekitaldi hau, eta ziur nago, beste behin ere, hiriko erdiguneko kaleetara jende asko erakarriko duela, elkarrekin elkartzeko eta ospatzeko aukera berri bat”.

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia

Ekitaldi nagusiaren atariko, 17:30etik aurrera, Irungo familiek Gora Musika haur taldeak San Juan plazan emango duen kontzertuarekin gozatu ahal izango dute, ‘Irun Hiria’ Musika Bandako 50 bat kiderekin eta Udal Kontserbatorioko abesbatzako ehun ikasle ingururekin batera emango baitute kontzertua. Kontzertuaren osagarri, Bidasoako Erraldoiak eta Ondare erraldoien dantzaldia izango da, familiak jai giroan murgilduko dituena. Kontzertuan argi eta musika ikuskizun bat eskainiko da, Gabonen etorrera eszenaratuz.

Argien ikuskizuna Gabonetako argiak pizteko ekitaldiari bide emateko sarrera ezin hobea izango da. 19:00etatik aurrera, gutxi gorabehera, Irungo alkateak eta Irungo La Salle ikastetxeko ikasle talde batek botoi bat sakatuko dute eta Gabonetako argiak pixkanaka pizten joango dira. Jarraian, kalejira batek Irungo kale nagusienak zeharkatuko ditu, eta kalejirak aurrera egin ahala argiak pizten joango dira.  Lehenik, Jenaro Etxeandia plazako Gabonetako zuhaitza argiztatuko da, aurtengo Gabonetako erakargarritasun nagusia, eta, ondoren, Zabaltza plaza eta Colón ibilbidea.

Gabonetako argiak

Gainera, gogoratu behar da, irailaren amaieran aurreratu zen bezala, 21 metroko altuera duen Gabonetako zuhaitza izango dela aurtengo Gabonetako berrikuntza nagusia, eta musika, argi eta soinu ikuskizunak izango direla Gabon denboraldian. Ikuskizunak egun hauetan izango dira: abenduaren 5, 6, 7, 12 eta 13an 19:00etan, eta abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra bitartean egunero, ordu horretan bertan.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat da gabonetako argiak auzo gehiagotan jarriko direla, dekorazio berriekin, auzotarrek hala eskatuta.

Herriko merkataritza eta ostalaritza

Gabonak aukera paregabea dira baita ere herriko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko. Horren ildotik, Nuria Alzaga, Ekonomia Sustapeneko eta Hiri Bultzadako ordezkariak azaldu duenez, “urtez urte martxan jartzen diren jardueren eskaintza hazi egiten da, eta, ondorioz, Irungo kaleak bizitzaz betetzen dira eta horrek eragin positiboa du hiriko jarduera ekonomikoan”. Gogorarazi duenez, herriko merkataritzak eta ostalaritzak “funtsezko papera betetzen dute Irungo bizitza sozialean”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude