Zabalik dago jada Aiako Harriko Parke Naturaleko Lapurriturriko informazio puntua. Udan zehar jarduera tematikoak eskainiko dira, inguruko balio historiko, kultural eta naturalak ezagutzeko helburuarekin. Lehena uztailaren 12an egingo dute, “polinizatzaileen jolasa” izeneko jarduerarekin, Lapurriturritik gertu dauden bideen ertzetan aurki daitezkeen izaki bizidunak ezagutzeko aukera izango dute, horien artean polinizatzaileen garrantzia nabarmenduz. Hitzordua 11:00etan hasiko da eta Lapurriturriko Informazio-puntutik abiatuko da.
Oinezko ibilbidean zehar, hainbat jarduera garatuko dira: izaki bizidunen irudiak eta izenak elkarlotzea, erlearen eta liztorraren arteko desberdintasunak ezagutzea, etab. Amaieran, jolas dinamiko baten bidez ikasitako guztia errepasatuko da.
Jarduera herritar guztiei zuzenduta dago eta, bereziki, 8 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzat. Izen-ematea derrigorrezkoa da eta ekainaren 26tik uztailaren 7ra bitartean egin ahal izango da 010 telefonora deituz edo www.irun.org webgunearen bidez. Lapurriturriko Informazio-puntutik mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen dute.
Uda osorako jarduerak
Lapurriturriko informazio-puntuak asteburu, jaiegun eta zubi guztietan irekiko ditu ateak ekainaren 1etik urriaren 31ra, 09:30etatik 13:30etara. Udan zehar jarduera tematikoak eskainiko dira, inguruko balio historiko, kultural eta naturalak ezagutzeko helburuarekin.
Urrira arte, jarduerak hauek aurreikusi dira: abuztuaren 16an Fosilei buruzko tailerra, irailaren 13an Zuhaitza, gure laguna eta Urriaren 11n Mikologia ezagutuz. Gainera, aurten, berrikuntza bezala, iraila edo urrian naturaren baliori buruzko jarduera bat egingo da Osinbiribileko eremu naturalean. Aukera paregabea izango da inguruko hegaztiak ezagutzeko.
Lapurriturriko Informazio-puntua
Lapurriturriko Informazio-puntuak hamabost urte baino gehiago daramatza parkearen berri ematen bisitari guztiei, eta, horretarako, hainbat jarduera egiten dira denboraldi osoan zehar. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, bisitariei informazioa ere ematen diete informazio-puntuan bertan, paperean eta baita gidari batek parke naturalari buruzko azalpenak emanez ere, dela bost ibilbide tematikoen inguruan (elurzuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak, eta flora, fauna eta ura) dela inguruko eskaintza turistikoaren inguruan.



