Kiroletako ordezkari Borja Olazabalek asteazken honetan San Martzial–Txingudi udal kirolguneko instalazioetan iragarri duenez, bertako igerilekuak larunbat honetan irekiko dira, hilak 15. Horrela, ordutik aurrera, instalazio osoa egongo da martxan, tenis eta padel pistak urte guztian zehar baitaude zabalik.
Borja Olazabalek adierazi duenez, “dudarik gabe, udan protagonismorik handiena duten instalazioetako bat da kirolgune hau. Udalkideok badakigu zenbat estimatzen dituzten herritarrek instalazio hauek, eta igerilekuak are erakargarriagoak dira, familia asko bainatzera igotzen baitira kirolgunera”, azpimarratu du Olazabalek.
Igerilekuen denboraldiak irailaren 15era arte iraungo du. Aurreko urteetan bezala, bi txanda izango dira: goizekoa 11:00etatik 15:15era bitartekoa izango da, eta arratsaldekoa, 16:15etik 20:30era bitartekoa. Sarrerak www.irun.org/piscinas webgunearen bitartez erreserbatu ahalko dira, bi egun lehenagora arte.
Ekipamendu honek, gainera, baditu hiru padel pista estali, aire zabaleko lau tenis pista, botikina eta sorosle zerbitzua, baita edari hotzak eta snackak erosteko makinak ere. Jakina, debekatuta dago instalazioen barruan erretzea.
“2023an, guztira, 21.522 aldiz erabili ziren instalazio hauek, eta, 2022an, 25.991 aldiz, berauen osasun onaren eta irundarren estimazioaren adierazgarri”, erantsi du ordezkariak.
Sarreren erreserba
Esan bezala, igerilekuak erabili nahi dituztenek sarrera erreserbatu behar dute, bi egun lehenago, edukiera kontrolatzeko. Sarrerak 22:00etan jartzen dira salgai, eta erositako sarrerak erabili ezin dituztenek baliogabetu egin behar dituzte, webgunearen beraren bidez edo 943627266 telefono zenbakira deituta: goizeko txandarako sarrera dutenek, 11:00etara bitartean, eta arratsaldeko txandarako sarrera dutenek, 16:15era bitartean.
Igerilekuen eguneko prezioa helduentzat, 18 urtetik gorakoentzat, 2,20 eurokoa da, gazteentzat, 4 et 17 urte bitartekoentzat 1,80 eurokoa eta haur txikientzat, 0 eta 3 urte artekoak, doan.
Bestalde, Irunbusen 3. lineako autobusak, zeinak San Juan plazatik abiatzen direnak, kirolgunean bertan gelditzen dira, egunero, 30 minutuan behin.



