Maianne Sarriegui Diaz: “Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak graduak prestakuntza integrala bermatzen du”

  • Herria: Irun
  • Adina: 20
  • Ikasketak: Pio Baroja IES, Irun
  • Gradua: Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak
  • Zaletasunak: Sukaldatzea

Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak graduan zaude: zergatik aukeratu zenuen gastronomiako gradua?

Txikitatik sukaldaritzaren inguruan egin nahi nituen ikasketak, ondoren nire negozio propioa sortzeko. Denbora aurrera joan ahala ideia hori inoiz ez zait burutik joan eta beti borrokatzen aritu naiz helburu hori lortzeko.

Eta zergatik Basque Culinary Center – Mondragon Unibertsitatea?

Sortu zenetik, Basque Culinary Center erreferente bat izan da gastronomiako ikasketetan. Sukaldaritza ez ezik, gastronomiarekin lotutako arlo guztiak ere aztertzen ditu; hala nola, alderdi finantzarioa eta kimikoa ikasten dituzu, praktikak eta baita talde bat nola gidatzen den ere.

Nolakoa izan da orain arte bizitako esperientzia?

Graduak nire ikuspegia zabaldu eta bide berriak aurkitzeko aukera eman dit. Ikasgai, proiektu eta erronka akademiko bakoitzak nire interes eta asmo profesionalak moldatzen lagundu dit. Gainera, unibertsitateak taldean lan egiteko aukera eman dit, eta horrek helburu komunak lortzeko ikuspuntu desberdinak baloratzen irakatsi dit. Bestalde, munduko hainbat tokitako pertsonak ezagutzea eta haiekin adiskidetasuna izatea izan da alderdi onenetako bat. Kultura aniztasun horrek aberastu egin nau.

Zer metodologia erabiltzen duzue, nolakoa da?

Basque Culinary Centerrek ikaskuntza praktikoan oinarritutako irakaskuntza- metodologia berritzailea aplikatzen du (‘learning by doing’), non ikasleek, hasieratik, teoria eta praktika uztartzen dituzten ingurune errealetan. Diziplinarteko ikuspegiak sukaldaritza, kudeaketa, zientzia eta kulturaren arloak biltzen ditu, eta horrek prestakuntza integrala bermatzen du. Metodologia aktiboak erabiltzen dira, hala nola Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza edo kasu azterketak eta proiektuak.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Gehien gustatzen zaidana ikasketa oso praktikoak direla da, eta urtero enpresa desberdinetan praktikak ditugula, Espainian zehar 1. eta 2. kurtsoetan eta 3. eta 4. kurtsoetan munduan zehar.

Egin dituzu praktikak, nolakoak izan dira? Zer-nolako ekarpena egin dizu praktikak egiteak?

Oraingoz praktikak jatetxe batean eta gozotegi batean egin ditut, lehendabizikoak Irunen, eta gozogintza inguruko praktikak Madrilen. Praktika horiek funtsezkoak izan dira niretzat, nire etorkizuna nora bideratu nahi dudan konturatzeko eta ikasturtean ikasitako guztia praktikan jartzeko. Aurtengo praktikak, berriz, hotel bateko kudeaketa arloan egingo ditut.

Etorkizunari begira zer asmo dituzu?
Nire gozotegi propioa irekitzea gustatuko litzaidake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude