MARIA JIMENEZ, idazlea: “Denbora asko eskaini diot liburuari denboran zehar”

Maria Jimenez Goya idazleak uztaileko hilabetearen amaieran aurkeztu zuen “One” eleberria, bere lehen literatur lana. Liburua Irunen Kiosko 33 eta Bronte liburu-dendan, Hondarribian Arzun eta Beran Igone liburu-dendan eskuratu daiteke. Hortaz gain, Amazon bidez paperean edo ebook formatuan lor daiteke. Gainera, Hondarribi, Bera eta Irungo Dunboa auzoko liburutegietan maileguan eskura daiteke.

Zein istorio kontatzen du “One” eleberriak?
Bi istorio kontatzen dira aldi berean. Bata, gaur egungo istorio bat, batez ere, Hondarribian kokatzen dena eta, bestea, 1813 urtean Bortzirietan gertatua, gerra garaian.

Nolatan bururatu zitzaizun istorio hau idaztea?
Atal historikoan Independentzia Gerran zonaldean jazotako gertaera batzuk kontatzen ditut. Gure inguruan gariko aztarnak gelditzen dira eta hortik abiatu zen liburuaren istorioa, nire kuriositatearen ondorioz.

“Nire lehen arrakasta liburua kaleratu ahal izatea izan da”

Nola sentitzen zara zure lehen lana kaleratu ostean?
Oso pozik sentitzen naiz. Nire lehen arrakasta liburua kaleratzea izan da. Hala ere, hasieran idaztetik publikora pasatzea kostatu zitzaidan.

Inoiz imajinatu zenuen liburu bat kaleratuko zenuenik?
Imajinatu bai, txikitatik. Irakurle zale amorratua naiz eta txikitatik asko irakurri dut. Betidanik buruan izan dut liburua idaztea. Hala ere, bizitzan gauza asko egin behar ditugu eta momentua iritsi zait nahiko heldua naizenean.

Nola antolatu zara liburua idazteko?
Denbora asko eskaini diot liburuari denboran zehar. Izan ere, bi urte eman nituen istorioa pentsatzen eta bost idazteko prozesuan. Guztira, zazpi urte behar izan ditut, baina, gehien kostatu zaidana zuzentzea izan da.

Zaila da egun liburu bat argitaratzea?
Gaur egun dauden tresnekin liburua argitaratzea oso erraza da, lehen baino errazagoa. Atal zailena ondo idaztea da. Argitalpena ahalbidetzen duten online tresna asko daude eta nik Amazon aukeratu dut, eskaintzen dituen erraztasunengatik.

Zonaldeko honetako istorioa kontatzea berezia izan da zuretzat?
Bai, ni hemengoa naiz eta Bidasoa eta Bortziriak eskualdeak oso loturik egon dira beti niretzat familiarengatik. Gainera, irakurleentzat ere bertan gertaturiko istorioa irakurtzea interesgarri izan daitekeela uste dut.

Etorkizunean beste libururen bat publikatu nahiko zenuke?
Orain nobela bat idaztea lortu dudanez, ez dut gelditu nahi. Idazten jarraituko dut. Bizpahiru nobela dauzkat buruan, batzuk idazten hasiak ere, baina, oraindik ez dut erabaki zeinek hartuko duen indarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude