Gaur goizean, Irungo alkate Cristina Laborda Polizia Nazionalaren Irungo komisarian izan da bisitan. Berarekin batera, Espainiako Gobernuaren ordezkari Marisol Garmendia, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariorde Noemí López eta Polizia Nazionalaren Gipuzkoako buru berri M. Teresa Herráez eta Irungo Komisario Buru den Ramon Olloquirekin batera, Zabaltza plazako instalazioak bisitatzen: 1947an jasotako eraikin bat, gerora erreformatu egin dena zerbitzuaren behar operatiboetara egokitzeko.
Cristina Labordak Irungo Komisariako antolaketaren berri izan du. Zenbait brigada eta zerbitzu espezializatuk osatzen dute Irungo Komisaria, eta herritarren segurtasun beharrei eta hiria mugan egoteak berekin dakartzan berezitasunei erantzuten die, bere eskumen zuzenen barruan.
Labordak eskerrak eman dizkio Polizia Nazionalari bere lanarengatik, eta nabarmendu du “zer garrantzitsua den polizia kidego hau, oinarrizko zerbitzu publikoa den aldetik, eta zer konprometituta dauden berau osatzen duten profesionalak Irungo segurtasunarekin eta bizikidetzarekin”. Gogorarazi duenez, Irungo Polizia Nazionalak mugan dagoen hiri batean lan egiten du, lan eraginkorra egin ere, eta, bereizgarri hori duen leku batean, jarduna handiagoa da, eta beharrezkoa da polizia kidegoak elkarrekin koordinatzea. “Zuen lanari eta presentziari esker, Irun hiri segurua da betiere”, ondorioztatu du.
Gaur egun, 129 postu ditu Irungo Komisariak. 27 emakumeei dagozkie, eta badira hamahiru agente beste plantilla batzuetan edo zerbitzu eginkizunetan ari direnak. Bestalde, egitura hierarkikoa komisario batek, inspektore buru batek eta zazpi inspektorek osatzen dute, eta badira inspektoreordeak, ofizialak eta oinarrizko eskalako poliziak ere.
Polizia Nazionalaren egitekoak Irunen
Lehenik, Polizia Judizialaren Tokiko Brigadak delituak ikertzen ditu, eta haien kontra borrokatzen da; bereziki, droga trafikoari, ziberdelinkuentziari, iruzurrei eta kapital zuriketari dagokienez. Gainera, beste plantilla batzuekin elkarlanean aritzen da, ikerketa lanak egiten eta Europako atxilotze aginduak betetzen.
Bigarrenik, Atzerritarren inguruko eta Mugako gaietarako Tokiko Brigadak kanporatze eta aberriratze espedienteen inguruko eginkizunak betetzen ditu, administrazio egoerak kontrolatzen, atzerritarrak zentroetan barneratzen, eta Lan Ikuskaritzari laguntzen, atzerritarren kanporatzean eta haien inguruko operazioetan espezializatutako taldeen bidez.
Hirugarrenik, Tokiko Informazio Brigadak segurtasunerako arriskuak prebenitu eta detektatzen ditu. Horregatik, bereziki garrantzitsua da, oinarrizkoa. Besteak beste, erradikalizazio prozesuei buruzko informazioa bildu eta aztertzen du, estremismo jihadistaren esparruan batez ere, eta kontrazaintza lanak egiten ditu. Azkenean, terrorismo mehatxuei aurrea hartzea eta herritarrak babestea du helburu, Estatuko babes planen barruan eta beste polizia kidego batzuekin koordinatuta.
Laugarrenik, Polizia Zientifikoaren Tokiko Brigadak oinarrizko lan teknikoa egiten du, hala nola atxilotuak identifikatu eta haien datuak jaso, peritu txostenak egin, begizko ikuskaritza lanak egin, agiri faltsuak analizatu, eta Ertzaintzari, Udaltzaingoari eta Polizien arteko eta Aduana inguruko Lankidetzarako Zentroari lagundu.
Bosgarrenik, Segurtasun eta Babes Brigadak eraikin ofizialak, Poliziaren instalazioak eta atxilotuak zaintzen ditu, eta Polizien arteko Koordinaziorako Bulegoarena egiten, beste erakunde batzuekin informazioa trukatzeko.
Azkenik, Polizia Nazionala Hendaia eta Irun arteko Komisariaren parte da. Komisaria horrek egun osoan egiten du zerbitzu, eta muga kontrolatzeko lanak egiten ditu, Polizien arteko Koordinaziorako Zentroaren barruan, zeina informazioa trukatzeko, polizia kidegoak koordinatzeko eta mugaz gaindi elkarlanean aritzeko gunea den.
Dokumentazio Saila
Dokumentazio Saila NAN eta pasaporteak egiteaz arduratzen da: bai irundar eta hondarribiarrena, bai Frantzian, Nafarroan eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan bizi diren espainiar herritartasuneko pertsonena. Joan den urtean, zerbitzuak 16.504 NAN tramitatu zituen (% 6 gutxiago), eta 8.288 pasaporte (% 9 gehiago).



