Oiasso Museoak jakinarazi du «Antzinako Erroma hamabi monumentutan» ikastaroa antolatu duela. Museotik jakinarazi dutenez, irekita dago jada ikastaroan izena emateko epea. Ikastaroa martxoaren 3tik maiatzaren 27ra egingo da, bi txandatan. Lehena, astelehenetan 11:00etatik 12:00etara eta, bigarrena, astearteetan 18:00etatik 19:00etara. Guztira, hamabi saio egon dira txanda bakoitzeko.
Italiako hiriburuko monumentu nagusi eta ezagunenetako hamabi aztertuta, espazio publikoa hobeto ulertzen laguntzea da ikastaroaren xedea. Horretarako, monumentu horiek aztertuz, zer pertsonek eraiki zituzten eta zeintzuk bizi ziren haien inguruan ikasi ahalko da.
Astelehenetako txandako irakaslea Maddi Izaguirre Ayestarán izango da, Paris 1-Panteoia-Sorbonako Unibertsitateko ikertzailea, eta astearteetakoa, Elena Torregaray Pagola, EHUko Antzinaroko Historiako irakasle titularra.
Izen emateak
Izena emateko, Oiasso museoko harrera lekura jo beharko da, edo 943 63 93 53 telefono zenbakira deitu eta tokia erreserbatu. Ikastaroaren prezioa 75 euro da eta ordubeteko hamabi eskola izango dira.



