“Piraguismoak erakutsi dit lana gogor eginez gero ametsak egia bihurtzen direla”
Aitaren eta ahizparen urratsak jarraituz, 9 urte zituela eman zituen lehendabiziko palakadak Olatz Zabalak. Harrez geroztik, 21 urteko irundar honen progresioa geldiezina izan da. Txikitatik erakutsitako adorea, kemena eta sakrifikatzeko gaitasuna dira gazte honen arrakastaren gakoak. Gizonezkoak nagusi diren kirol munduan, bere balioa nazioartean erakutsi duen emakume kirolari honekin mintzatzeko aukera izan dugu.
– Piraguismoan oso gazte zinela hasi zinen eta urteen joan-etorriak arrakastak eta dezepzioak ekarri dizkizu. Zein izan da kirol honek zure bizitzan izan duen ekarpenik esanguratsuena?
Piraguismoak diziplina bat ezarri eta arduratsuago izaten irakatsi dit. Gainera, lana gogor eginez gero, ametsak egia bihur daitezkeela ikusten duzu. Txikitatik nire ametsa nazioarteko txapelketetan parte hartzea zen, eta urte hauetan guztietan egindako lan gogorraren ondoren lortu ahal izan dut.
– Orain dela lau bat urte hasi zinen nazioarteko lehiaketa hauetan parte har-tzen eta emaitza bikainak lortzen. Zeintzuk dira 2013-2014 denboraldirako finkatu dituzun helburu nagusiak?
Maiatzean, Espainiako Maratoi Txapelketan K-1 eta K-2 kategorietan parte hartuko dut, eta bertan Europako Txapelketarako plaza lortzea da nire erronka. Abuztuan, berriz, Munduko Kopa daukat. Denboraldia primeran joanez gero eta emaitzak lagunduz gero, Munduko Txapelketarako txartela lortzea izango zen nire hurrengo helburua.
– Estatuan eta nazioartean antolatutako txapelketa hauetan parte hartzeko diru laguntzarik jasotzen al duzu?
Ez, kirolaria izateagatik ez dut inongo bekarik jasotzen. Taldea diru kontuekin laguntzen saiatzen da; baina, egoera ekonomikoa ikusita, gero eta diru-laguntza gutxiago daude. Piraguismoari, gainera, ez zaio beste kirolei bezainbesteko arreta eskaintzen. Beraz, aukera bakarra babesle bat aurkitzea da.
– Erronkak gustuko dituen emakumea zara eta aurten Santiagotarretako talde federatuaren agintea hartzea erabaki duzu. Nola doa esperientzia berria?
Oso ondo. Emaitza onak lortzeaz gain, taldekideen arteko elkarlaguntza sustatzea eta mutilek taldeko nesken lana gehiago baloratzen ikastea dira nire helburu nagusiak; orain arte, neskak nahiko zokoratuta baitzeuden.
– Zure ustez, emakume kirolariek gizonezkoek baino oztopo gehiago gainditu behar al dituzte euren lana balioesteko?
Bai, gizonak nagusi diren diziplina batean aritzeak esfortzu bikoitza eskatzen dizu. Gurea, emakume kirolariena, etengabeko erronka da. Etengabe erakutsi behar dugu balio dugula. Adibidez, entrenatzaile bezala, emakumea izateagatik mutilen konfiantza irabaztea gehiago kostatu zait. Nire entrenatzeko moduan konfiantza izatea lortu baldin badut, Estatuan eta nazioartean lortu ditudan emaitzei esker izan da. Entrenatzailea gizonezko heldu bat izango balitz, ziur nago ez zutela inoiz berak esandakoa zalantzan jarriko.
– Piraguismoa oso kirol zorrotza eta gogorra da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien inguruko zure ikasketak buka-tzean, non ikusten duzu zure burua?
Beharra edo minusbaliotasunen bat duten pertsonak laguntzen; izan ere, kirola edozein motatako arazoak konpontzeko eta energia kontrolatzeko tresna dela uste dut. Gradu amaierako lana kirol egokituaren inguruan egiten ari naiz eta, etorkizunean, pertsona hauek gure klubean leku bat izatea gustatuko litzaidake. Ez sekzio berezi bat, baizik eta gurekin batera entrenatzea; izan ere, haien erabateko integrazioa oso garrantzitsua iruditzen zait. Bestalde, ziur nago klubarekin dudan erlazioa etorkizunean mantenduko dela eta piraguarekin jarraituko dudala. Santiagotarrak nire bigarren etxea da eta hemen ezagututako jendea, nire bigarren familia. Talde honek eta piraguak poz asko eman dizkidate.
– Lasterketa herrikoi ugarietan parte hartu duzu, eta emaitza bikainak lortu. Zein dira zure egutegiko hurrengo erronkak?
Hondarribiko San Silvestrean lehenengoen artean sailkatzea. Urte berriari begira, Talaia Bidea mendi lasterketan eta Irungo I. Maratoi Erdian aritu nahi nuke.
Munduko zorterik onena opa diogu Olatzi denboraldiko erronketan, eta Olentzerok babeslea ekar diezaiola.