“ONkologia 360º” dokumentala sortu da minbiziaren ikuspegi gizatiar eta hezitzailea eskaintzen du

Datorren urriaren 16an, osteguna, 18:00etan, Zarauzko Modelo Aretoak hartuko du “ONkologia 360º” dokumentalaren estreinaldia. 2024-2025 ikasturtean garatutako hezkuntza-, osasun- eta gizarte-proiektu aitzindari baten funtsa jasotzen duen ikus-entzunezkoa da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimen honetan Lanbide Heziketako 4 ikastetxek parte hartu dute: Irudika LHII, Plaiaundi LHII, Inmakulada Tolosako Lanbide Ikastola eta Zinema eta Bideo Eskola (ESCIVI).

Iazko ikasturtean zehar, jardunaldi zientifikoak, aholku-tailerrak eta esperientzia partekatuak antolatu ziren ikasleen, osasun-profesionalen eta pazienteen artean, Lanbide Heziketak gizarte-eragin handiko esparruetan duen potentzial eraldatzailea erakutsiz.

Lankidetza eredugarria

Proiektuaren helburua paziente onkologikoen behar integralak lantzea izan da, gorputzaren irudia, elikadura, ariketa terapeutikoa eta ongizate emozionala modu koordinatuan jorratuz. Proiektuan Osakidetzak zuzenean parte hartu du eta Gipuzkoako paziente eta senideen elkarte nagusien babesa izan du: Asgicer, Katxalin, Minbiziaren Aurka Gipuzkoa, Iñurri, Aspanogi eta Agadelprise.

Lan kolektiboaren emaitza

“ONkologia 360º” dokumentalak lan kolektibo horren ibilbidea eta emozioak jasotzen ditu, baita ikasle, irakasle, paziente eta profesionalen arteko lankidetzaren balioa ere. Ikasturte osoan zehar ESCIVI (Zinema eta Bideo Eskola)ko ikasleek grabatutako jarduera guztiak eta testigantza errealak, tailerretako eszenak eta elkarrizketak uztartzen ditu, pertsonen zaintza integralean hezkuntzak nola lagundu dezakeen erakutsiz.

Estreinaldiaren aurretik, proiektuaren teaser ofiziala zabaldu da jada, ekimenaren ikuspegi humano eta pedagogikoa laburbiltzen duen bideoa.

Proiektuaren jarraipena 2025-2026 ikasturtean

Izandako arrakasta eta harrera bikaina dela eta Irudika LHIIk eta Plaiaundi LHIIk ONkologia 360º proiektuari jarraipena emango diote 2025-2026 ikasturtean.

Fase berri honetan, formakuntza, laguntza eta sentsibilizazio jarduerak zabalduko dira, bai ikasleentzat, bai pazienteentzat eta haien senideentzat, hezkuntza-zentroen, profesionalen eta osasun-erakundeen arteko lankidetza sendotuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude