“Oparirik gabeko Gabonak?” musikalak musika eta antzerkia nahastuko ditu Eguberri giroa berotzeko

Abenduaren 12an “Oparirik gabeko Gabonak?” musikala estreinatuko da Irunen. Skola Musik eta Horkonpontx elkarteak elkarlanean sortutako proiektu berria da. Musika eta antzerkia uztartuz, Eguberrietako magia familia guztiei hurbiltzeko helburuz sortu den proiektua da. Dánae Riaño Skola Musikeko kideak eta Joanes Echeveste Horkonpontx elkartekoak CBAko Irun Zuzenean aretoan saio bikoitzean ikusi ahalko dena aurreratu digute.

Nola bururatu zitzaizuen Gabonekin loturiko musikal bat sortzea?

Dánae: Nire aitaren ideia izan zen berez. Etxean geundela bururatu zitzaion ideia ona izan zitekeela familientzako ikuskizun bat sortzea, nahiz eta ez zuen argi musikal bat edo antzerki bat izan behar ote zuen. Hau da, nola egin behar zuen oso argi izan ez arren, helburua bai garbi ikusi zuela: Irungo jendearentzat proiektu bat sortu nahi zuela familiak elkartzeko. Ni ere pentsatzen jarri nintzen eta proiektura gonbidatu genezakeen norbait bururatu zitzaidan, gainera proiektuan oso paper garrantzitsua hartuko zuena. Joanesi deitu nion eta gidoia berak idaztea proposatu nion. Hortxe ibiltzen da Pontx pailazoarekin bere ikuskizunak egiten eta beste hainbat kontutan ere sartua dago. Beraz, deitu eta baiezkoa eman zidan. Urtarrilean hasi ginen proiektua prestatzeko bilerak egiten eta pixkanaka gure proiektua eraikitzen joan gara Irunen estreinatu arte.

Joanes: Nire kasuan erronka berezia izan da. Nik Dánae aurretik ezagutzen nuen, baina proposamen horrekin deitu zidanean zerbait ezberdina eskatzen ari zitzaidala ulertu nuen. Proiektuak beste lan talde batekin lan egin behar izatea eskatzen zuen, beste gai bat landuz eta beste ikuskizun mota bat eskainiz. Hau da, nirea ez bezalako proposamen bati forma ematea eskatzen zuen, eta beraz, erronka handia izan da, baina oso pozik nago baiezkoa eman izanaz. Horri esker orain hementxe gaude.

“Saio parte-hartzailea da, hori argi dago, eta gogor lan egin dugu ikuskizun borobila izan dadin”

Joanes Echeveste, Horkonpontx elkartea

Zer eskainiko duzue abenduaren 12an CBAn?

Joanes: Nire ustez ikuskizun borobila da. Familian ikusteko eta Gabon giroko ikuskizuna da, dudarik gabe. Musikal bat izanik, musika ez da faltako, baina egia da umore puntu bat ere baduela. Hiru galtzagorri topatuko ditugu eta haiek izango dira protagonistak: Pintxo, Potxo eta Gazpatxo iratxoak. Haiek arazo bati aurre egin beharko diote: Gabonetako opari guztiak desagertu dira eta haien bila hasiko dira. Izan ere, Gabonak oparirik gabe pentsaezinak dira pertsona batzuentzat. Horrela, liburuetako hainbat pertsonaiari deitzen saiatuko dira laguntza eskatu eta opariren bat ekartzerik ba ote duten galdetzeko. Ez dugu gehiago aurreratuko, baina esan dezakegu umorea, dantza, kantua, magia eta musika izango dituela. Saio parte-hartzailea da, hori argi dago, eta gogor lan egin dugu ikuskizun borobila izan dadin.

Dánae: Musika, gainera, zuzenean eskainiko dugu. Izan ere, askotan antzerkietan musika grabatuta erabiltzen da. Musikal honen berezitasuna, ordea, hori da, iratxoek laguntzaile bereziak izango dituztela eta horiek musikariak izango direla: soinu efektuak sortzeaz, musika egiteaz eta noizbehinka zerbait esateaz arduratuko dira.

Skola Musikentzat estreinaldia Irunen egin ahal izatea berezia izango da noski, ezta?

Dánae: Bai, guretzat oso berezia da. Gainera, hasiera batean ideia CBA liburutegian egitea zen, horregatik obran zehar liburuei hainbat aipamen egiten zaizkie. Irungo Udaleko Kultura arloari proposamena aurkeztu genionean esan ziguten ordurako CBAko Irun Zuzenean areto berria jada prest egongo zela eta, nahi izanez gero, eszenatoki berrian egin ahalko genuela. Guretzat plazer hutsa da proiektua bertan aurkeztea, nahiz eta Irungo emanaldia ez den estreinaldi bakarra izango.

Joanes: Hori da. Abenduaren 6an aurre-estreinaldi bat egingo dugu Saran bertan, nire herrian. Beraz, niretzat ere berri ona da eta oso pozik nago aukerarengatik. Lehen saio hori beroketa bat izango da, gero Irunen kalitate handiko zerbait eskaintzeko nahiarekin.

Proiektua abenduan estreinatuko duzue, izan ere, Gabonekin oso lotura estua du eta.

Dánae: Bai, ideia hau bururatu zaigu Gabonak materialismotik aldentzen saiatzeko. Askotan, Eguberrietan pentsatzerakoan eskatuko ditugun opariei bakarrik ematen diegu garrantzia. Orduan, pentsatu genuen, zer gertatuko litzateke opariak desagertuko balira? Galdera horri erantzuten saiatu gara. Hain zuzen ere, ikuskizuneko protagonistak gure gizartearen isla dira eta.

“Nik uste etxean egindako ikuskizuna dela, etxekoentzat”

Dánae Riaño, Skola Musikeko kidea

Musikal bat zerotik sortzeak lan handia eskatuko du.

Joanes: Lan handia da, bai, baina egia da oso ondo inguratuak egon garela. Gu biok hemen gaude baina gure atzetik beste pertsona asko ere ibili dira lanean. Gidoia idazteko ideia izatetik, entseguetara salto egitea aldaketa handia da, horregatik, urtarriletik gabiltza lanean. Aktore lanetan Dánae Riaño, Mikele Arizkorreta eta ni neu ibiliko gara; antzerkian eta kantuan. Musikal hau musikatzen berriz, Deniel Riaño, Iker Hernandez, Ivan Requejo, Lander Campos eta Ane Encabo musikariak egongo dira oholtza gainean.

Zein publiko motarentzat  pentsatua dago obra?

Dánae: Nik uste familian ikusteko ikuskizuna dela eta denok disfrutatu ahal izateko modukoa. Publikoak musikalean zehar parte hartzeko aukera izango du, abesten ditugun kantuak Gabonetako kanta tradizionalak direlako. Liburuetako pertsonaiak ere oso ezagunak dira.

Gainera, emanaldia euskaraz sortu nahi izan duzue?

Joanes: Egia erran, ez genuen bestela planteatu. Euskarazko ikuskizuna da, haur, gazteei eta familiei zuzenduta dagoena. Ondo dakigunez Gabonetan abesti herrikoi asko daude, beraz, horiek mantendu behar ditugu. Euskaratik eta euskaraz sortutako proiektu honek gozamena ere sortuko duelakoan gaude.

Non lortu daitezke sarrerak?

Dánae: Irungo emanaldirako sarrerak Irungo Udalaren webguneko agenda atalean lortu behar dira. Leku mugatuak direnez, sarrerak lehenbailehen erostera animatu nahi dugu jendea. Dena den, bi pase egingo ditugu, eta beraz, emanaldiaz gozatzeko aukera bikoitza izango da.

Zer mezu bidaliko zenukete jendea erakartzeko?

Joanes: Nik uste dut ikuskizunera etortzen den orok sentituko duela Gabonetako goxotasuna. Gu irribarreak ateratzen saiatuko gara musika, kantua, dantza, maitasuna eta laguntasuna nahasten ditugun bitartean.

Dánae: Nik uste etxean egindako ikuskizuna dela, etxekoentzat. Guretzat plazer hutsa da Irunen eta Saran proiektua zabaltzea.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude