José Manuel Azkue Memorialaren XII. edizioa antolatu du Oiartzungo Organozaleak elkarteak, Irungo Udalarekin elkarlanean. José Manuel Azkue organista oiartzuar talentudunaren omenezko zikloaren barruko kontzertuak azaroaren 8, 9, 13 eta 15ean izango dira, Errenteria, Oiartzun eta Irunen. Zehazki, Irungo kontzertua hilaren 15ean izango da, Oskar Rodríguez organistaren eta Ametsa Abesbatzaren eskutik, 20:00etan, Junkaleko Andre Mariaren parrokian, doan.
Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak Junkaleko Andre Mariaren parrokian aurkeztu du kontzertu zikloa, Olaia Lasa Oiartzungo Udaleko zinegotziarekin, elkarteko ordezkariak diren Joseba Zabaleta eta Antton Mendizabalekin, Ametsa Abesbatzaren zuzendaria den Fernando Etxeparerekin eta musikariarekin Ignacio Arakistainekin. Alzagak Oiartzungo Organozaleak elkartearen lana eskertu du. Nabarmendu duenez, Azkue Memorialak “Gipuzkoako ekialdeko organoen balioa azpimarratzen du, eta artista ospetsuen eta talentu berrien eskutik organo musika publiko berriei helarazteko aukera paregabea da”.
Zikloaren barruko kontzertuak
Ekitaldi sorta hau 2025eko azaroaren 8an hasiko da, Errenterian. Bertan, arratsaldeko 19:00etan, San Agustin komentuan izango da lehen kontzertua. Egun horretako musikariek Iruñeko Gazte Hari Orkestra taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera eskainiko dute, eta organoan, berriz, Ignacio Arakistain arituko da.
Hurrengo egunean, azaroaren 9an, jarduerak Oiartzunera mugituko dira, ordu berean (19:00etan). Kontzertua San Esteban parrokian izango da, eta bertan hainbat instrumentu entzuteko aukera izango da: akordeoian Garazi Navas arituko da, pianoan Ignacio Arakistain, eta harmonium jotzaile gisa Oskar Rodríguez ariko da.
Zikloak aurrera jarraituko du azaroaren 13an, asteazkenez, berriz ere Oiartzunen. Oraingoan, ekitaldia Landetxe auditoriumean izango da, 19:00etan. Egun horretako proposamena desberdina da, izan ere, zinema mutua eta musika uztartuko dira: Harold Lloyd-en “Hot Water” (1924) filma proiektatuko da, eta Oskar Rodríguez-ek jarriko du musika, harmoniuma jotzen.
Azkenik, ekitaldi sortari amaiera emateko, azaroaren 15ean, Irunen izango da emanaldi bat. Kontzertua gaueko 20:00etan hasiko da, Junkaleko Andre Mariaren parrokian. Bertan, Ametsa Abesbatzak eskainiko du kontzertua, eta organista lanetan Oskar Rodríguez arituko da.
Azkue Memoriala
Azkue Memoriala Oiartzualdeko eta Bidaso aldeko udazkeneko organo zikloa da. Memorialak organoaren munduko espezialista eta zaleak biltzen ditu, eta, gaur egun, Oiartzualdeko eta Bidaso aldeko udazkeneko organo zikloa da. Izan ere, Oiartzungo Organozaleak elkarteak nabarmendu duenez, Azkuek harreman berezia izan zuen Irun, Errenteria, Hondarribi eta Donostiako organoekin, baita jaioterrikoarekin ere.
Azkuek inoiz ez zituen ahaztu jaioterria, ez bertako Cavaillé-Coll Père et Fils organo miretsia, eta Oiartzungo Udalak urtero haren omenezko ziklo bat antolatzea erabaki zuen, Oiartzungo organoaren balio artistiko eta historikoa ezagutarazteko eta organista handiak eta organo kontzertuak berritu nahi dituzten eta haiekin esperimentatzen duten musikari gazteak entzuteko aukera emateko. 2016an, Oiartzungo Organozaleak elkartea hasi zen zikloa antolatzen.
José Manuel Azkue
José Manuel Azkue 2008ko abenduaren 19an hil zen, 81 urte zituela. Haren jarduna oso garrantzitsua izan zen Euskal Herriko organisten historian.
Azkue 1927an jaio zen, Aginagalde-enea etxean, eta, 11 urte zituela, apaiz izateko ikasketak egitera joan zen, Alesbesera (Nafarroara). Han, agerian utzi zuen musikarako dohain apartak zituela. 20 urte zituela, ikasketak utzi zituen, eta, soldadutza bukatuta, kontserbatorioak eskatzen zituen ikasketak egin zituen, azkar egin ere.
Bi urte geroago, 1954an, pauso handia eman, eta AEBetara joan zen; berez, hilabete batzuetarako, baina, azkenean, New Yorken hemezortzi urte eman zituen, organista eta musika irakasle lanetan.
1975ean, Euskal Herrira itzuli, eta Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organista titularra bihurtu zen. Ordutik, harreman estua izan zuen hango Cavaillé-Coll organo ospetsuarekin.
Azkue organista betea zen, oso errepertorio zabalekoa: J. S. Bachen eta Cesar Francken organorako integralak jotzeko gai zen, eta bereziki Donostiako Musika Hamabostaldirako idatzitako obra garaikideak estreinatu ere egiten zuen.



