Patinatze pistaren itxierarekin amaitu da Gabonetako kanpaina

Balorazio baikorra egin du Irungo Udalak

Zabaltza plazako patinatze pista izan da Gabonetako kanpainaren erdigune Irunen. Abenduaren 12tik urtarrilaren 10era egon da zabalik. Urtarrilaren 11n desmuntatu dute, kanpainari amaiera emanez. Guztira, 9.643 erabiltzaile izan ditu pistak, joan den urtean baino ia 9.000 gutxiago. Hala ere, Irungo Udalak azpimarratu nahi izan du 2014/2015eko Gabonetan zortzi egun gehiagoz egon zela zabalik. Patinatze pistaren inguruan, bestelako jarduera paraleloak ere egin dituzte. Haurrentzako tailerrak, globoen banaketak edo ipuin kontalarien saioak eskaini dituzte. Gainera, inguruko taldeen musika emanaldiak egon dira Zabaltza plazan. Hamabi kontzertu baino gehiago izan dira, estilo ezberdinetakoak.

SONY DSC

Bisitarien marka hautsi du Ficobako Eguberrietako Haur Parkeak

Ficoba Erakustazokako Eguberrietako Haur Parkeak bisitariak erakartzeko ahalmenari eutsi dio. 15.381 lagun hurbildu dira parkera, abenduaren 15etik urtarrilaren 4ra. Urtarrilaren 3an, igandearekin, 2.000 bisitari izan ziren, eta “sarrerarik ez dago” kartela jarri behar izan zuten, parkearen historian lehen aldiz. Bisitarien %40 Behe Bidasoa eskualdekoa izan da. Donostialdetik, bisitarien %22 hurbildu da, eta %11 Oarsoaldetik. Iparraldeko bisitarien kopurua %50 emendatu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude