Atzo goizean Pedro Formarizen eskultura inauguratu zen Atalaia Hoteleko lorategian. “Cruce de Caminos” eskulturak Atalaiaren espiritua islatzen du, hotela mota desberdinetako jendearentzako topagunea baita. Inaugurazio ekitaldian Pedro Formariz eskultorea eta Inaxio Muguruza sukaldariaz gain, Martín Berasategui sukaldariak eta Rafa Gorrotxategi txokolategileak parte hartu dute, beste hainbat lagunekin batera.
Inaugurazioan Pedro Formariz eskultoreak Inaxio Muguruzaren enkargua nola jaso zuen azaldu du. Atalaia Hoteleko jabeak Atalaia Hotelaren espiritua islatzen duen eskultura bat izatea gustatuko litzaiokeela adierazi zion. Enkargua jaso ondoren, Formariz diseinatzen hasi zen eta abenduaren hasieran lehen zirriborroa erakutsi nion Inaxio Muguruzari. Bere onespena jaso ondoren, eskultorea urtarrilean zehar eskulturaren eraikuntzan lanean aritu zen eta amaitu ondoren behin betiko kokapenera eraman zuten. Pedro Formarizek azaldu duenez, “ezin hobeto egokitu zen kokatu nahi genuen lekuan”. Inaxio Muguruzak oxidazioa naturala izatea nahi zuen. Pedro Formarizek azaldu duenez, horregatik erabaki zuten eskultura herdoilduta zegoenean inauguratzea.
Eskulturak “Cruce de caminos” du izena, Atalaia hotela bidegurutze batean baitago. Bertan, kultura, ideologia eta ideia ezberdinetako jende askoren arteko topaketak gertatzen dira. Inaxio Muguruzak inaugurazio ekitaldira hurbildu direnen parte hartzea eskertu du. Sukaldariak artearen balioa goraipatu du. Gainera, bertan bildutako guztiak “artistak” direla adierazi du, lan egiteko ilusioa baitute.
Martín Berasategui sukaldariak berriz, Inaxio Muguruzarekin duen harremanaz hitz egin du. “Kasu egidazue, nire belaunalditik Inaxio da gehien miresten dudan pertsona”. Berasateguik aipatu duenez, “niretzat irakaspen bat baino asko gehiago izan da”.



