Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Egunarekin loturiko ekintzak egingo dira datozen egunetan Irunen

Abenduaren 18an, datorren asteazkenean, Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Sandra Caballero Gizarte Ongizateko ordezkariak Irunen egun horrekin loturik egingo diren jardunaldien berri eman du. Antolatutako ekintzen helburua da migrazio-prozesuen eta bizikidetza eta ongizate komunaren eraikuntzaren inguruan hausnartzea.

Ordezkariak azpimarratu duenez, “Irungo Udalean funtsezkoa iruditzen zaigu horrelako egunak ospatzen jarraitzea. Jakitun gara gaur egun migrazio-fluxua dagoela mundu mailan, eta gure hirian ere bai bereziki. Horregatik, horri buruz hausnartzen jarraitu behar dugu, eta, aldi berean, denontzako aukerak eskainiko dituen gizarte bat eraiki behar dugu, jatorria edozein dela ere. Hirian elkarren artean bizikidetza eta ongizatea egon dadin lan egiten dugu, eta bide horretan sakontzen jarraituko dugu”.

Nazioarteko Egun hori ospatzeko, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak, hainbat elkarterekin elkarlanean, jarduera batzuk antolatu ditu hirian:

Abenduak 14, larunbata

Xavier Bosch zuzendariaren “(NORA)BIDEAN” dokumentala proiektatuko da. Dokumental horretan, Bidasoatik pasatuz Europan aukera baten bila egindako migrazio-bidaiaren esperientziak kontatzen dira. Proiekzioa amaitutakoan, solasaldia egingo da zuzendariarekin berarekin.

Ordua: 18:30

Lekua: Amaia KZko hitzaldi-aretoa.

Izena emateko: Deitu Nazioarteko Elkartasunera (609 56 78 67).

Abenduak 18, asteazkena

Giza Liburutegiaren ekimena publikoari irekita dago, eta bertan, giza liburuak irakurleei “mailegatzen” zaizkie, haien istorioak entzuteko aukera emateko. Helburua da oztopo sozialak haustea, estereotipo eta aurreiritziei aurre egitea eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzen laguntzea.

Ordua: 18:00

Lekua: CBA.

Sarrera libre, tokia bete arte.

Abenduak 19, osteguna

Gari Garaialdek Landetxa auzo-elkartearentzat egindako “Auzotarren Memoria” dokumentalaren proiekzioa. Dokumentalak auzoko bizilagunen testigantzak eta ekarpen grafikoak erakusten ditu. Halaber, auzoan bizitako aldaketak kontatzen ditu, nola eraldatu zen, egunerokoan izandako aldaketak, eraikin berriak, bizilagun berriak… Alegia, nola bihurtu den gaur egun ezagutzen dugun auzoa. Horretarako, 1930etik 1955era bitarteko dokumentuak, testigantzak, argazkiak eta objektuak bildu ditu.

Ordua: 18:00

Lekua: Amaia KZko hitzaldi-aretoa.

Sarrera libre, tokia bete arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude