Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia antolatu du AEKk

Borobilean emanaldi berria eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskualdean, Bidasoko AEKk antolatuta. Lehen saioetariko bat izango da Euskal Herrian, eta Hondarribian egingo dute, Hondartza kiroldegian, azaroaren 19an, igandearekin. Bi saio izango dira, arratsaldeko 16:00etan bat, eta 18:30etan bestea.

Zortzi euro balio du sarrerak, eta haurrek ordaindu beharko dute, baita bi urtetik beherakoek ere. AEKk Irunen duen euskaltegian eros daitezke sarrerak, astelehenetik ostiralera (Legia kalea, 6). Bestela, Hondarribiko turismo bulegoan ere eskura daitezke, Arma Plazan edo Kirol Kaian.

Bizikidetzaren inguruko hausnarketa eskaintzen du Borobilean emankizunak. Borobilean eseriko dira protagonistak, begiak eta bihotzak elkarri begira: arauak ezarri, ardurak hartu eta banatu, antolatu, nork bere lekua hartu, pozak, minak eta desirak elkarri kontatu, errespetua landu, elkar ulertzen saiatu, erabakiak hartu… Eman, jaso eta moldatu, bizikidetzaren sokatan funanbulista bihurtu araziko dituzte ikusleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude