Real Unión taldeak lau garaipen lortu ditu jarraian

Real Unión klubak 3-2 irabazi dio gaur goizean Unionistas de Salamancari eta laugarren garaipena jarraian lortu du. Talde txuribeltzak amaierara arte borrokatu behar izan du, eta birritan markagailua irauli behar izan du.Garaipen honekin Real Unión klub zortzigarren postuan dago 32 punturekin. Datorren astean Vigora joango da Celta Fortunaren aurka jokatzeko.

Unionistas de Salamanca hirugarren minutuan aurreratu da penaltiz. James Wrightek Gorka Santamariaren jaurtiketa gelditu du, baina Jordi Turrek aldaratzea hartu eta bisitarien gola eskuratu du. Baina Real Unión kluba azkar suspertu da eta 8. minutuan berdinketa lortu du. Aitor Aranzabek korner baten aldaratzea jaso, atera jaurti eta Javi Dominguezek oina sartu du baloia desbideratzeko eta talde txuribeltzaren lehen gola sartzeko. Lehen zatiaren erdian berriro aurreratu da talde bisitaria, Gorka Santamariaren golari esker, area barruan baloi bat jaso ondoren. 34. minutuan hamar jokalarirekin geratu da Salamancako taldea. Carlos Garcia-Diek Sergio Benitori heldu dio ate aldera bakarrik zihoanean, eta epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio.

Bigarren zatia hasi eta zortzi minutura Real Unión klubak berdinketa jarri du berriro markagailuan. Joseca Marquezi esker izan da, korner baten irteeran buruz errematatu ondoren. Eta 83. minutuan iritsi da markagailuari buelta emateko gola. Talde bisitariaren defendatzaile batek Koldo Obietari heldu dio area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Quique Riverok, hamaika metroetatik hutsezina, garaipena eman die irundarrei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude