Irungo Udal Euskaltegiak abian jarriko du LANNAHI programaren hirugarren txanda apirilaren 8tik ekainaren 21era. Ekimenaren helburua langabezian dauden pertsonen artean euskararen ezagutza sustatzea da, Euskaltegian bertan egingo diren doako euskara eskolen bidez. Goizeko txandan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz, 3 orduz.
LANNAHI programan interesa dutenek izenematea internet bidez egin beharko dute SAC24h webgunea (www.irun.org/sac) edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk (NAN elektronikoa, IZENPE txartela,etab.) erabili beharko dituzte.
Eskaria egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943505273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.
Bete beharreko baldintza
LANNAHI ikastaroetan parte hartu ahal izateko baldintza hauetako bat bete beharko da. Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatua egotea. Bestela, langabezian egotea, %50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren % 50 ez gainditzea.
LANNAHI programan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten hiritarrek ikastaro trinkoak egin ahalko dituzte ohiko matrikula ordainduz. Ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute ikasleek.