Irungo Udalak gaur jakinarazi duenez San Miguel-Anakako birpartzelazio-proiektua. Horrela, argi berdea emango zaie obrei, eremua urbanizatzeko eta babes publikoko lehen etxebizitzak eraikitzeko. Urriaren 3an, alkatearen ebazpen bidez, behin betiko onetsi zen birpartzelazio-proiektua, eta hilaren 7an IRUNVIk abian jarri zuen dagoeneko onetsita dagoen urbanizazio-proiektuaren obra-zuzendaritza eta ingurumenekoaren kontratua esleitzeko lizitazioa.
Cristina Laborda Irungo alkatearen hitzetan, “San Miguel-Anakarako behin betiko fasean sartu gara”. Alkateak azaldu duenez, prozesu luzea izan da, lan handikoa, baina behin betiko onespen honekin hirigintzako prozesuaren amaiera iritsi da azkenean. Une honetatik aurrera, espazioaren urbanizazioari ekingo zaio. “Auzo berri bat izango da, eraldatua, konektatua eta jasangarria, eta aukera bat izango da beren bizi-proiektua abiarazi nahi duten askorentzat eta gainerako herritar guztiontzat ere, ekipamendu publikoz hornitua egongo da eta”, adierazi du Cristina Labordak.
Eremuaren urbanizazioari eta eraikuntza-lanei ekiteko azken urratsa da. Proiektua behin betiko onetsita, urbanizazio-obrak hasiko dira. Aurrekontua 23.000.000 eurotik gorakoa da, BEZa barne, eta IRUNVIk urtea amaitu baino lehen lizitatuko du.
Auzo berri baten hasiera
San Miguel-Anakaren datu garrantzitsuenak bizitegi-gune berriaren tamainarekin eta hiri-sare berriaren eskala eta eraginarekin dute lotura. San Miguel eta Anaka lotuko dituen auzo berri bat sortuko da, eta hiriaren iparraldea goitik behera eraldatuko, hiri konektatuago eta jasangarriago baten ereduaren arabera.
Urbanizazio-obrak Donostia kalean hasiko dira, eta eremu guztira zabalduko dira. Guztira 1.175 etxebizitza eraikiko dira gutxi gorabehera, eta horietatik 887 inguru babes publikokoak izango dira. Horrez gain, auzorako ekipamendu publikoak eraikiko dira, hala nola igerileku publikoak eta bestelako kirol-ekipamenduak.
Urbanizazio- eta eraikuntza-lanak datorren urtean hastea aurreikusten da. Urbanizazio-lanetan, gainera, eremu publikoak urbanizatuko dira Jaizkibel kalearen eta Letxunborro hiribidearen zati baten inguruan, eremutik kanpo, erdibitzailea iparralderantz mugiarazita eta bidegorriaren sekzioa bi noranzkoetara egokituta, jarduketaren ondoan eta korridore berde batekin batera. Oinezkoentzako pasealekua ere zabalduko da.
Azken batean, eraztun perimetral bat sortuko da (Donostia, Anaka eta Jaizkibel kaleak eta Letxunborro hiribidea), eta horri Luis de Uranzuren luzapena gehituko zaio, San Miguel-Anaka gurutzatuko duena Gibeanakako biribilgunearekin lotuz. Horietan sostengatzen dira ibilgailuen trafikoa, aparkalekua, garraio publikoa, ekipamenduak, etab.
Donostia kalea hiribide zabal bat bihurtuko da, berdegunez hornitua, eta erabilera desberdineko eremu publikoen oinarri izango da. Noranzko bakarra izango du, eta bi errei Anaka kalerantz.



