San Pedro eta San Martzial jaiak inklusiboak eta irisgarriagoak izango dira berriro

Iaz bezala, aurten ere San Pedro eta San Martzial jaiak inklusiboagoak eta irisgarriagoak izateko neurriak hartuko dira. Iaz bezala, aurten ere plataforma bat instalatuko da kontzertu eta ekitaldietan mugikortasun urriko pertsonentzat. Bestetik, Ficoban ferietako musika itzaliko da hainbat egunetan.

Plataforma erabiltzeko interesa duten mugikortasun urriko pertsonek, gaurtik aurrera egin ahalko dute eskaera. Eskaera egiteko udalaren webgunean topatuko duten inprimakia bete beharko dute.  Kultura arlotik harremanetan jarriko dira izena eman duten guztiekin, eskaeraren egoeraren berri emateko eta beharrezko dokumentazioa eskatzeko.

Plataformak hogei lagunentzako lekua dauka, igotzeko arrapala bat  izango du, eta kartelak jarriko dira inguruan, mugikortasun urria dutenentzat erreserbatutako espazio bat dela argi uzteko. Gainera, arduradun batzuk egongo dira bertan, nor sartzen den kontrolatzeko.

Plataforma kontzertu eta ekitaldi hauetan jarriko da: Ekainak 13, ostiralean, Puro Relajoren kontzertuan, ekainak 14, larunbatean Fangoriaren kontzertuan, ekainak 23, astelehenean Sanjoan sua eta Gatiburen kontzertua eta ekainak 28, larunbatean Jamaica Showren kontzertua.

Barrakak isiltasunean

Gainera, guztiontzako jai inklusibo eta irisgarriak izateko bide horretan, Ficobako ferietako musika itzaliko dute ekainaren 14an, 18an eta 25ean, 17:00etatik 19:00etara, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) eta hipersentsibilitatea duten pertsonek ere atrakzioez gozatzeko aukera izan dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude