Azaroaren 24an SOS Arrazakeriak elkarteak kulturarteko bazkariak antolatu ditu, Bizilagunak ekimenaren barnean. «Mila zapore, mila istorio» lelopean, Bizilagunak ekimenak bi familia elkartuko ditu, bat bertakoa eta bestea munduaren beste txokoren batetik etorria, non eta beren etxean. Egitasmoan parte hartzeko izen ematea azaroaren 15a baino lehen egin beharko da, esteka honetan klik eginez.
Jarduerak familien arteko harremana sustatzea du helburutzat, elkarrengana hurbiltzeko eta ezezagutzak altxatutako hormak eraisteko. Horrela, Irunen bizi diren auzotar guztiek elkar hobeto ezagutzea lortu nahi da. Irunen askotariko jendea bizi da, nazionalitate askotako lagunen bizilekua baita, eta beharrezkoa da aniztasun horren balioa aitortzea eta urrats bat haratago joatea. Hau da, kulturarteko harreman handiagoa lortzea, beldurrak, aurreiritziak eta estereotipoak gaindituta.
Bizilagunak proiektuak, antzeko beste batzuek bezala, kulturarteko hirien alde egiterakoan funtsezkoa den gai bati heltzen dio, elkar ezagutu eta harremantzearena, hain zuzen, lotura estuak eta denboran irauten dutenak sortuta eta kultura desberdinak elkarrekin egonda.



