
José Manuel, Txema, Grandíok 20 urte baino gehiago daramatza fauna argazkiak ateratzen, zehazki hegaztietan espezializatua dago. Bidasoa eskualdean argazkiak egitea gogoko duen arren, bidaiak antolatzen ditu, noizbehinka, beste hainbat herrialdetan ere argazkiak egiteko. Berriki Wildlife Photographer of the Year lehiaketan ohorezko aipamena jaso du katazuri edo erbinude zuri bati egindako argazkiari esker, bere lana are gehiago ezagutzen lagundu duena.
Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasun hau?
Ba, hasieran, hegaztiekin zaletzen hasi nintzen. Bada, Aranzadi Zientzia Elkartearen bitartez, ornodunen taldeko kide izan nintzen, eta ornitologia sailean, nire ikaskideekin batera ornitologia lanak egiten genituen, zentsuak osatu eta hegaztiei eraztunak jarriz, azterketak egiteko. Lan hori gero aldizkari espezializatuetan argitaratzen genuen, hala nola Aranzadikoan edo Espainiako Ornitologia Elkartekoan. Eta, horrela sortu zen nire zaletasuna pixkanaka. Hasieran argazki kamera erabiltzen hasi nintzen, aztertzen ari ginen espezieak dokumentatzeko. Bada, pixkanaka, argazkigintzan barneratzen joan nintzen, eta azkenean alde batera utzi nuen hegaztien estudioko argazkigintza, naturako argazkigintzan zentratzeko eta, batez ere, hegaztien argazkigintzan, denbora gehien horretan ematen baitut.
Argazki onak ateratzeko, hegaztiak ondo ezagutu behar direla esango zenuke?
Bai, nik uste dut oso garrantzitsua dela. Ez bakarrik hegaztien argazkiak egiten dituenarentzat, intsektuen argazkiak egiten dituenarentzat ere garrantzitsua da; landareak ezagutu behar ditu, espezieen biologia ere pixka bat ezagutu behar du, haien portaera, non aurki ditzakezun, zein garaitan, etab. Orduan, askotan, argazkiak egin aurretik, niri asko gustatzen zait landan ibiltzea, ingurua ondo ezagutzeko. Agian argazkigintza digitalaren boom horrekin guztiarekin ez da hainbeste eramaten espezieak ezagutzea. Orain enpresa asko sortu dira, eta lana asko erraztu da, haiek eramaten zaituzte ia % 100ean espezie horiei argazkiak aterako dizkiezula ziurtatzen dizuten lekuetara. Baina, niri gustatzen zait nire ikuspuntu propioa izatea eta nik tokiak aukeratzea eta behar den denbora eskaintzea.
Argazkilari afizionatua zaren arren, denbora asko eskaintzen diozu zure zaletasunari.
Bai, beno, noizean behin kamera hartu eta paseo bat eman eta argazki batzuk egiten dituzunean zaletasuna izan daiteke. Gero, gauzak pixka bat serioagoak egin nahi badituzu, denbora asko eskaini behar zaio, batez ere ona izateko, ez baita erraza argazki bereziak egitea.

Duela gutxi ohorezko aipamen bat jaso duzu Wildlife Photographer of the Year lehiaketan. Normalean argazki-lehiaketetan parte hartzeko ohitura duzu?
Bai, tira, gaur egun lehiaketa pilo bat daude, hau da, argazkigintzarekiko gero eta zaletasun handiagoa dago, edozein espezialitatetan. Beraz, naturako lehiaketa asko daude. Nik ez dut lehiaketetarako argazkirik egiten, ez, ez zait gustatzen. Izan ere, gero eta gutxiago parte hartzen dut lehiaketetan. Dena den, egia da naturako argazkigintzan aritzen garenontzat, lehiaketak erakusleiho on bat direla, batez ere nazioarteko lehiaketak badira. Horietan sari bat edo lehiaketan pixka bat nabarmentzea lortzen baduzu, publizitate pixka bat emango baitizute ez bakarrik zuri, baita zure webgunean ikusgai duzun lanari. Sare sozialei esker lorpen horiek are oihartzun handiagoa dute. Horrela, lehiaketetan parte hartu ez arren, lehiaketen emaitzak ikusten dituzu. Orduan, lehiaketetara aurkezteko argazkirik egin ez arren, baina onak diren argazki batzuk ikusten ditudanean, bidali egiten ditut, baina gero agian urte bat edo bi eman ditzaket lehiaketetan parte hartu gabe. Beraz, parte hartzen dudanean, bidalketa masibo bat egiten dut momentu horretan martxan dauden lehiaketetara, ea baten batean zorterik ote dagoen.
Sariak dakarren aitorpenaz gain, sari bat jasotzea pozgarria izango da, ezta?
Bai, hori da. Hau da, beno, hasiera batean, oso ondo dago egiten duzun lan guztia aintzat hartzea. Bestetik, naturako argazkilariei naturan egotea gustatzen zaigu, baita mundu hori ezagutaraztea gure argazkien bidez. Orain, lehiaketari esker, katazuriaren argazkia asko mugitzen ari da; izan ere, nik uste dut duela egun batzuk jende askok ez zekiela nolakoa zen katazuri bat, ez zekien nola jokatzen zuen, eta orain bai.
Argazki hau saritua izatea espero zenuen?
Londresko Historia Naturalaren Museoak antolatzen duen lehiaketa honetan oso zaila da irabaztea, parte-hartze handia dagoelako eta asko argazkilari profesionalak direlako. Orduan, edizio honetan 60.000 argazki izan dira eta 100 aukeratzen dituzte. Orduan, oso zaila da zure argazkia aukeratua izatea. Argazki berezia zela ikusi nuen, eta bidali nuen ugaztunen argazki bakarra izan zen, gainontzeko guztiak hegaztienak ziren eta azkenean hau izan zen saritua.
Non atera ohi dituzu argazkiak?
Normalean hemen inguruan, bai Txingudin eta, batez ere, Jaizubiako paduretan. Hemen argazkiak egitea gustatzen zait ondo ezagutzen dudan ingurua delako. Noizbehinka gustatzen zait beste leku, espezie eta portaera batzuk ikustea, baina espezie arraroak bilatu gabe. Hegaztietan espezie arraroak soilik bilatzen dituen jende asko dago, baina nik hegazti arruntak nahiago ditut, baina egia da argazkiak ateratzeko baldintza bereziak bilatzen ditudala. Gero bidaiak ere egiten ditut, batzuk laburragoak Espainiatik, eta bestetan, egun gehiago ditudanean, atzerrira joaten naiz, adibidez, Norvegia, Finlandia edo Islandiara.
Argazki bereziak ateratzeko, batzuetan baldintza deserosoetan egon behar zara ordu luzez?
Hori bakoitzak egin nahi duen ahaleginaren eta helburuaren araberakoa da. Emaitza eskaintzen diozun denboraren araberakoa izango da ziurrenik. Egia da batzuetan argazki jakin bat egiteko lurrean etzan behar zarela eta deserosoa izan daitekeela. Nik jada adin bat daukat eta hori ere nabaritzen da.
Zer proiektu dituzu orain eskuartean?
Momentuz argazkiak egiten jarraitu nahi dut, hemen gertu eta tarteka nazioartean ere. Natura argazkilariek liburuak eta erakusketak antolatu ohi dituzte, beraz, etorkizunean horrelakoren bat egin nahiko nuke, baina argazkiak ateratzeari utzi gabe.
“Egia da naturako argazkigintzan aritzen garenontzat, lehiaketak erakusleiho on bat direla, batez ere nazioarteko lehiaketak badira”
“Hemen argazkiak egitea gustatzen zait ondo ezagutzen dudan ingurua delako”



