Irungo Udalak Txenperenea eremuko hirigintzako jarduketari behin-betiko onarpena eman dio. Jarduketa programaren hasierako onarpenaren kontra aurkeztutako alegazioak ebatzi, eta behin betiko onarpena eman dio. Horrela, beste pauso bat eman du eremua burutzeko; hurrengoak, birpartzelazio proiektua eta, gero, urbanizazio proiektua.
Joan den martxoan eman zitzaion hasierako onarpena dokumentuari, eta hilabeteetan lan egin eta analisiak egin, eta, orain, behin betiko onartu da hirigintzako jarduketa programa, urbanizazio aurreproiektua barne. Lanak egiteko aurrekontu zenbatetsia 33,6 milioi euro da, BEZa barne, eta obra hiru fasetan egingo da.
Lehenengo fasea eremu urdinari dagokio, eta 5,6 milioi euroan gauzatuko da, 24 hilabetean. Egikaritze eremuaren ipar-mendebaldeko lanak egingo dira, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko jarduketa aurreratu beharko balitz. Bigarren fasea eremu gorriari dagokio, eta 20,7 milioi euroan gauzatuko da, 36 hilabetean. Eremuko bideen arteko loturak eta azpiegiturak eraikiko dira. Hirugarren eta azken fasea eremu berdeari dagokio, eta 7,3 milioi euroan gauzatuko da. Parke eta ekipamenduak eraikiko dira, proiektua burutzeko.
Badago aukera kirol instalazioak aurrez eraikitzeko, fase batzuk aldi berean gauzatzeko eta urbanizazio lanak eta etxebizitza publikoak eta pribatuak eraikitzeko lanak aldi berean egiteko. Guztira, 850 etxebizitza eraikiko dira eremu osoan; ia % 78, publikoak.
Bestalde, garapenaren kudeaketa publikoa izatea erabaki da, lankidetza sistemaren bidezkoa. Beraz, Irunvik hartuko du bere gain garapen urbanistikoaren ekimena eta zuzendaritza, jabeen partaidetzarekin, garapen ordenatua eta interes publikokoa bermatzeko.
Irungo alkate Cristina Labordak gaur goizean nabarmendu duenez, “beste pauso bat eman dugu Txenperenea eremua burutzeko”. Alkateak azaldu duenez, horrela, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatu ahalko dituzte, eta hiriak geroratu ezin zuen konpromiso bat eta errugbi eta atletismo taldeen eskaera historiko bat bete. “Gainera, etorkizunean, gure lehentasun nagusietako bati erantzungo dio eremuak: hirian etxebizitza gehiago eraiki beharrari”, gaineratu du Labordak.
Kirol instalazioen lekualdaketa
Txenperenea eremuko hirigintzako jarduketa programa eta urbanizazio aurreproiektua Txingudiko Plan Bereziaren Mahaiaren azken bilkurako gaietako bat izan zen. Bilera hartan, apiril bukaeran, Labordak 1993an sinatutako lankidetza hitzarmena berritzeko eskatu zien Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, haren araberakoa baita Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko finantzaketari buruzko akordioa. Zehazki, hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritza finantzaketaren % 30ez arduratuko da; Gipuzkoako Foru Aldundia, % 50ez; eta Irungo Udala, gainontzeko % 20az.
Bada, alkateak konpromiso bat hartu du: “aldeak kirol instalazioen behin betiko lekualdaketa finantzatzeko adosteko lanean segitzea”. Alde horretatik, “Irungo Udala etxeko lanak egiten ari da, eta dagozkion tramite urbanistiko guztiak betetzen. Hortaz, espero dut berandu gabe Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere dagokiena egingo dutela eta Plaiaundi libre uzteko eta eremuko ingurunea oneratzen aurrera egiteko behin betiko pausoa eman ahalko dugula”.
Txenperenea
Txenperenea eremua Irungo hiri bilbearen hegoaldean dago, eta, iparraldean, Lapitzek mugatzen du, eta, hegoaldean, AP-8 autobideak. 2023ko abenduaren 29an, Udalbatzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eremuari zegokionez aldatzeko behin betiko onarpena eman zuen, eta, horrela, udal barrutiaren zati honetako hiri antolamendu berria finkatu zuen.
Guztira, jarduketa eremuaren azalera 163.527 metro karratu da, eta erabileraren araberako azpieremuetan banatuta dago: 20.381 metro karratu kirol ekipamendurako izango dira; 52.062, berdegunetarako; eta 17.642, beste ekipamendu batzuetarako. Gainera, 39.411 metro karratu (guztizkoaren % 24) partzela eraikigarriak dira; tartean, zuzkidura bizitokietarako 1.519 eta hirugarren sektorerako lurzoru finkatuko 1.460. Azkenik, bidetarako azalera 31.052 metro karratu da.
Eraikigarritasunari dagokionez, bizitegitarako eraikigarritasuna 74.440 metro karratu eraiki da, eta, guztira, 850 etxebizitza eraikiko dira eremu osoan; % 77,82 (660 bat), babes publikokoak. 1.610 metro karratu eraikuntza finkatuari dagozkio, eta 72.830, eraikuntza berriei. Gainera, hirugarren sektorerako 9.200 metro karratu aurreikusten dira.
Eremua antolatzeko bizitegi programari esker, babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza libreen parke berri bat sortuko da, eta, gainera, Altzulegarre baserria zutik utzi ahalko da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko katalogoan jasota baitago.
Eremuaren ezaugarri nagusietako bat egun Plaiaundiko parke ekologikoan dauden kirol instalazioak kokatzeko partzela bat da.
Eremuak parke lineal bat ere hartzen du barnean, bizitegi eremua antolatuko duena eta, luzetara, eremua bera, Alai Txoko parkea eta Egiluzeko zuhaiztia konektatuko dituena, baita hura osatzeko ekipamendu publiko batzuk ere.