
Txingudi Errugbi Klubak errugbi eskolen arteko topaketa antolatu du urriaren 5erako, iganderako. 16 klub ezberdinetako 400 haur bilduko ditu Hondarribiko hondartzan. 10:30etatik aurrera, 8 eta 11 urte bitarteko errugbilari gazteek, 10 eta 12 urte azpiko mailetan banatuta, partidak jokatuko dituzte haien artean horretarako antolatuko diren hamar zelaietan.
Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Errioxatik etorriko dira talde parte-hartzaileak eta beraiek zein gerturatzen diren zaleak aparteko jai giroaz gozatzeko aukera izango dute.
Euskal ligak ere martxan asteburu honetan
Igandean ere, 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek partidak izango dituzte. 14 urte azpikoek Arrasaten jokatuko dute lagunartekoa Deba Arroa eta Gaztediren aurka 10:30ean.
16 eta 18 urtez azpikoak, aldiz, Getxon arituko dira talde bizkaitarraren B taldeen aurka 11:00 eta 12:30etan, hurrenez hurren.
Emakumezkoen senior taldeak ez du partidarik izango asteburu honetan eta gizonezkoena izango da larunbatean jokatzen duen bakarra, Iruñan arituko baita La Unica Bren aurka 15:00etan.
Entrenatzaile berria Zaisa Txingudirentzat
Iñigo Camarero, Leire Muñoz Cao eta Tom Walshek osatutako lantaldeak inkorporazio berri bat izango du, Marco Dufrechou Angeluko entrenatzailea.