Txingudi Ikastolak 50 urte bete ditu

Hirurogeikoen hamarkadarako gaztelania erabat nagusi zen Irunen. Zerbait egiteko premiak bultzatuta, bost euskaltzale Bidaniko elizako sakristian bildu ziren erdi ezkutuan. Bertan, nork bere herrian euskararen alde lan egingo zuela hitz eman zuten. Mandatu itzel harekin bueltatu zen Javier Goena Irunera. Hura izan zen Irungo euskal eskolaren hazia, Euskal Herriko aitzindarietako bat.

50. urteurrenaren ospakizunek jaia, omenaldia eta oroitzapena izango dituzte ardatz.Zenbakia50-06
1962ko martxoan, isilean eta inolako bitartekorik gabe, Goenak, E Garmendiarekin, A. Elosegirekin eta R. Muiñoekin batera, lehen urratsak eman zituen. Laster, Antxon de la Caba, Gregorio Arzak, Rafael Ugarte eta Olaizola anaiak eginkizunari lotu zitzaizkion. Handik aurrera taldetxoa handituz joan zen.

25urte57Errepublika garaian Batzoki izandako Kale Nagusiko etxebizitza bat utzi zuen Luis Cuñadok bertan gelak atontzeko. Baina zein izango zen andereñoa? Joxepi Etxeberria maistra erretiratu zaldibiarrak proposamena entzun zuenean, ez zuen zalantza egin: “Itsu-itsuan baietz esan nuen”.
Halaxe, inongo baimenik gabe, ez Elizarenik ez eta Udalarenik ere, 1962ko azaroaren 22an hamaika ikaslerekin abiatu zen Irungo ikastola. Bigarren ikasturterako, 60 haur ziren. Joxepik Maria Jesus Lertxundiren laguntza izan zuen. Ondoren, Asentxi Otxoteko eta Miren Urrutia hasi ziren lanean.

Metodo eta materialei dagokienez, baliabideak eskasak ziren. Irakatsi beharreko gai guztiak gerraurreko Xabiertxo liburutik ateratzen zituzten.
Metodoa hobetu nahian, Frantzian baliatzen zuten Freinet izenekoa aztertu eta ontzat eman zuten gurasoek.

25urte09Euskarazko irakaskuntza legez kanpokoa zenez, Ministerioko inspektoreak bisita egiten zienean irakasleak trikimailutan ibiltzen ziren. Gelan gaztelaniaz egiten zutela esaten zioten eta hori frogatzeko erdarazko koadernoak atera-tzen zizkioten.
Lehenengo urte haietako batean, gobernadoreak gurasoei deitu eta ikastola ixteko agindu zien, baita, hala egiten ez bazuten, deportatuko zituela mehatxatu ere. Gurasoek krisi hura ongi kudeatu zuten eta azkenean ikastolak bere bidea jarraitu zuen.

Oztopoak oztopo, hezkuntza-komunitate osoak ilusioz eta kemenez jardun zuen. Gurasoentzat egia bilakatutako utopia zen, baina hain herri erdalduneko biztanle gehienek euskarazko irakaskuntza kontu atzeratu bat zela uste zuten. Beraz, gurasoek euren seme-alaben hezkuntzan utzikeriaz jokatzen zutelakoan, kritikak entzun behar izaten zituzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude