Unai Amiano pilotari irundarrak, Baiko enpresaren eskutik, profesionaltasunera jauzi egin du. Irailaren 19an jokatu zuen bere lehen partida profesional bezala. Gainera, Irunen bertan estreinatu zen, Uranzu pilotalekuan. Lehen partiduan garaipena etxean utzi zuen Amianok, erronka handia izan arren, partida 12-22 irabazita. Estreinako partidua jokatu aurretik egindako elkarrizketa honetan bere debutaz mintzatu zaigu Unai Amiano.
Zer moduz sentitzen zara orain jokalari profesional izango zarela jakinda?
Ba oso pozik egia esan. Orain dela hilabete eta erdi edo bi hilabete abisatu zidaten pilotari profesionala izateko aukera edukiko nuela. Une hartan kristoren poza hartu nuen eta oraindik berdin jarraitzen dut.
Esperotako albistea izan da edo sorpresaz harrapatu zaitu?
Hasierako helburua izaten da beti txapelketa pribatuak hasten direnean, mailarik onena ematen saiatzea, baina orduan helburu hori urruti ikusten da oraindik. Azkeneko 2 urtetan aukera horiek handitzen joan dira, batez ere, nik nire burua ondo ikusten nuelako. Beti aukera hor dago, baina, hala ere, beti jakinda lortzen oso zaila dela. Horregatik, baieztatu zidatenean sekulako poza hartu nuen, batez ere, horregatik, zailtasunaz konturatzen nintzelako.
Nolakoa izan da pilotan hasi zinenetik orain arte, pilota elkarte ezberdinetatik igaroz, egin duzun bidea?
Irunen hasi nintzen pilotan jokatzen. Izan ere, bertan ikasten genuen eta patio garaian lagunekin jolasten hasi nintzen. Kirol ibilbideari dagokionez, Irunen bertan hasi ginen ere, Ramuntxo Trinkete klubean, anaia eta ni, eta beste talde bat ere bazegoen bertan. Ondoren, Berara joan ginen, jarraian Añorgara. Orain jada bukaera arte Tolosan egin ditugu urte garrantzitsuenak.
Zure ibilbidean anaiarekin pausu asko eman dituzu. Hori ere berezia izango da, ezta?
Bai, noski. Anaia ni baino urtebete zaharragoa da, eta beraz beti izan dut bere eredua. Bera ere oso ondo ibili da pilotan eta ni bere atzetik ibili naiz pausoak emanez. Orain dela gutxi bera trinketera aldatu da. Nik nire bidea jarraitu dut, eta oraingoz behintzat erabaki ona hartu dudala dirudi.
Jokalari profesional izatea al zen zure ametsa?
Bai, txikitatik telebistan pilota partiduak ikusten hasten zara. Gero, azkenean ametsa betetzeko aukera hurbilago ikusten hasten zarenean, gogo handiagoa sartzen zaizu oraindik. Beraz, aukera ematen dizutenean aprobetxatu egin behar da.
Irailaren 19an egin zenuen debuta, Irunen bertan gainera. Etxean bertan, Uranzu frontoian, estreinatzea berezia izango da?
Niretzat hori ere oso garrantzitsua izan da eta oso eskertuta nago aukerarengatik. Edozein lekutan pilotan gustura aritzen naiz, baina etxean jokatuz gero, are gehiago.
Iztueta izan da zure bikotea. Aurretik ezaguna duzunez, ilusioa egin dizu berarekin jokatzeak?
Bai, nire lagun handia da. Txikitatik asko kointziditu dugu pilotan, izan ere, adin berdinekoak gara. Berak gainera sekulako gorakada eman du eta orain lehen mailan oso maila onean jokatzen ari da. Bere laguntza oso garrantzitsua izan da, bai lagun eta bai pilotari bezala.
“Azkenean ametsa betetzeko aukera hurbilago ikusten hasten zarenean, gogo handiagoa sartzen zaizu oraindik”
Bere konpainiak urduritasunak baretzeko balioko dizula uste duzu?
Partidua jokatu aurretik ez nago urduri egia esan, baina badakit gero jokatzeko momentua iritsita edozer gauza gertatu daitekeela. Behintzat berarekin jokatzeak lasaitzeko balioko didala uste dut, bera ere bertatik pasa delako.
Jaka eta Imazen aurka jokatuko duzue, horiek ere ezagunak dituzu?
Bai, horiek betidanik telebistan ikusteagatik, beraz, eredua dira niretzat, dauden onenetakoak dira. Horrek ere, poza ematen du lehen partidua jokatzeko erronka hori izateak, eta beraz, presiorik gabe atera beharko naiz, disfrutatzera. Helburu nagusia disfrutatzea da beti, hori lortuta, agian irabazteko aukeraren bat izan dezakezulako.
Etxeko pilotalekuan jokatzerakoan ingurukoen berotasuna hurbilago sentitzen dela esango zenuke?
Irunen jokatzearen alde ona hori da, inguruko jendea gerturatzea errazagoa dela. Uranzu pilotalekua gainera, oso frontoi polita da. Uranzu kanpotik ikusteko frontoi ederra dela uste dut. Jokatzeko agian apur bat berezia izan daiteke. Orain arte ez dut bertan jokatzeko aukera handirik izan, beste hainbat txapelketa daudelako eta beste klubetan ibili naizelako, baina segituan moldatuko naizela uste dut.
Zu profesional mailara pasatzeak eta erreferente bihurtzeak, Irunen haur gehiago pilotara erakarri ditzakeela uste duzu?
Bai, berriki Irunen Atxiki izeneko pilota elkarte bat sortu da eta hori oso garrantzitsua da jendea, batez ere haurrak eta gazteak, pilotara erakartzeko. Nire anaia ere entrenatzaile lanetan aritzen da beste talderen batekin eta nik ere izan dut noizbait beraiekin umeak entrenatzeko aukera. Zaila izan arren, haurrek eredu hori izatea eta pilotari izatera iritsi daitezkeela ikustea garrantzitsua iruditzen zait, batez ere, Irun bezalako hiri batean.
“Momentuz disfrutatzen saiatu nahi dut eta ziur horrela pilotan gauza politak bizitzeko aukera izango dudala”
Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure helburuak edo noraino iritsi nahiko zenuke?
Momentuz, nire helburu nagusia disfrutatzea izango da. Bai lehenengo mailan zein bigarren mailan oso maila altua dago. Uste dut hasieratik helburu jakin batzuk jartzen saiatzea ez dela zuzena. Noski, finalen bat jokatzera iristea ondo egongo litzateke, hau da, behintzat aukera hori edukitzea. Bestetik, lesioek nire kirol ibilbidea errespetatzea nahiko nuke, jarraipen hori izan ahal izateko. Momentuz disfrutatzen saiatu nahi dut eta ziur horrela pilotan gauza politak bizitzeko aukera izango dudala, behintzat urte batzuetan zehar eta ahalik eta gehien luzatu dadila.
Pilotari izateko ametsa beteta, beste ametsik geratzen zaizu oraindik jokalari profesional bezala betetzeko dagoena?
Txapelen bat lortzearekin amesten dut. Bigarren mailan hori lortzea jada handia da, beraz, are gehiago lehenengo mailan. Hori oso urruti dago oraindik, beraz, behintzat pausu txiki ematen joan beharko dut, denborarekin hobetzen joatea garrantzitsua dela uste dudalako.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.