Zabalik dago urriaren 11n Zabaltza plazan egingo den Merka2dasoa azokan izena emateko epea

Urriaren 11n Irungo Zabaltza plazak urteko azken Merka2dasoa, bigarren eskuko objektuen azoka, egingo da. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da. Bertan egoera onean dauden bigarren eskuko artikulu ugari aurki daitezke: arropa, liburuak, jostailuak, kirol-materiala, etxetresna txikiak edo altzari txikiak, besteak beste. Ez dira onartuko aldiz artikulu berrien salmenta, stockean dauden produktuak, eskulanak edo espresuki merkaturako sortutako obrak.

Pasa den maiatzetik, Irungo eta Hondarribiko herritarrek beste urte batez berriro izan dute aukera Merka2dasoa azoketan parte hartzeko. Denboraldi honetan, ohiko bigarren eskuko bi merkatu eta bizikleta zein patinete elektrikoen beste bi azoka berezi ospatu dira.

Izen ematea

Azokarako izen-emateak jada zabalik daude txinzer.eus webgunean. Parte hartu nahi dutenek online formularioa bete behar dute eta bertan aukeratu erregistro-ordua (9:15, 9:30 edo 9:45), egun horretan pilaketak saihesteko.

Hala ere, postua jarri ezin dutenek badute beste aukera bat: gordailu salmenta zerbitzua. Kasu honetan ez da aurrez izenik eman behar. Bertan, liburuak, musika eta zinema artikuluak, kirol-materiala, dekorazio-objektuak edo etxeko tresna txikiak utzi ahal izango dira (gehienez 10 artikulu etxebizitza bakoitzeko). Ez dira onartuko arropak, bitxiak edo bolumen handiko objektuak.

Hondakin murriztuz

Merka2dasoa ez da soilik salerosketa-azoka bat; helburua objektuen bizitza luzatzea eta hondakinak gutxitzea da, modu parte-hartzaile eta atseginean. Urteko azken edizio honetan, aurrekoetan bezalako balioak mantenduko dira; herritarrek erabiltzen ez dituzten objektuei bigarren bizitza emateko aukera eskaintzea, erosleei altxor txikiak topatzeko gunea sortzea eta, guztion artean kontsumo arduratsuaren alde egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude