Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak eta Txikis del Bidasoako ordezkari Pía Lazagak eta Ainara Rubiok Girabira 2021 aurkeztu dute. Programa horren barruan, jende guztiarentzako jarduerak antolatzen dira Irungo parkeetan, udan. Zazpigarren denboraldia izango da aurtengoa, eta lau saio izango ditu. Guztiak ere formatu txikikoak izango dira, eta COVID-19a prebenitzeko neurriak aplikatuko dira. Lehen hitzordua larunbat honetan izango da, uztailak 17, Alai Txokon, 18:00etan hasita.
«Beste programa asko bezala, udako kultur agendako ekimen hau ere egungo egoerara egokitu behar izan dugu», azaldu du Juncal Eizaguirrek. «Sortu zenean, udan parkeez gozatzea zen helburua, eta xede horri eutsiko diogu aurten ere, familiei aisialdirako plan atsegin eta dibertigarri bat eskaintzeko. Edonola ere, guztiok arduraz jokatu beharko dugu, plana segurua izan dadin».
Esparrua mugatua egongo da, edukiera murriztua izango da eta tailerretan parte hartzeko aldez aurretik eman beharko da izena. Publikoak lau gai ezagutzeko aukera izango du: zirkua, dantza, marrazkigintza eta txikimusika. Girabira proiektua moldatu dugu neurri sanitarioak betetzeko, baina poliki-poliki ekimenaren funtsa berreskuratzen hasi gara, hots, parte-hartzea. Horrela, 2021eko edizio honetan formatu egokituko tailerrak eskainiko dira, ekitaldi bakoitzaren gaietan oinarrituta.
Saio bakoitzean, ikuskizun edo kontzertu bat izango da ekitaldi nagusia eta, osagarri modura, tailer bat edo bi eskainiko dira talde txikiagoetan. Azken horietan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik.
Zirkua
Aurtengo aurreneko saioa larunbat honetan izango da, eta zirkua izango da ardatza. 18:00etan, magia-tailerrak eskainiko dira, bi saiotan: lehenengoa 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat euskaraz, heldu batek lagunduta; eta bigarrena 11 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz, heldu batek lagunduta edo bakarrik (izena emateko).
19:00etan ateak irekiko dira publiko guztia sartzeko, eta zirkuko bi ikuskizun eskainiko dira. Emanaldi nagusia Circo Chosco konpainia euskal-galegoaren «Indartsuak» izango da eta, horren aurretik, Ibon del Olmo mago bizkaitarrak ikuskizun bat eskainiko du. Horrela, Girabirak berreskuratu egingo du iaz eguraldi txarra dela-eta bertan behera utzi behar izan genuen programazioa.
Zirkuaren emanaldiak Alai Txoko parkean egingo dira, hesitutako eremu batean. Sartzeko eta irteteko eremu bereziak egongo dira, edukiera kontrolatuko da, gel hidroalkoholikoa egongo da, segurtasun-distantzia errespetatu eta maskara jantzi beharko da, eta ikusleek aldez aurretik esleitutako eserlekuak izango dituzte. Aurreko edizioan bezala, horrelako jarduerak zuzendu ohi dituzten langileei beste batzuk gehituko zaizkie, jarduerak neurri horiek hartuta aurrera eramateko. Iaz bezala, piknik-oihalak eta hamakak beste baterako gorde beharko ditugu, pandemia dela eta.
Girabiraren denboraldi honetako beste hiru daten berri ere eman da: abuztuaren 6an, Gain Gainean parkean, irailaren 19an Soroxartan eta urriaren 3an Mendibilen. Eguraldi txarra egiten badu, baliteke saio horietako batzuk bertan behera geratzea.