Bidasoko Mintzodromoa eta Hikadromoa egingo dira maiatzaren 21ean San Juan plazan 

24. Korrikak utzitako sentsazio indartsuei helduta, AEK-k Bidasoko Mintzodromoa antolatu du datorren maiatzaren 21erako Irungo San Juan plazan. Ekimen hau lasterketaren “12. Eguna” dinamikaren parte da, eta bere helburu nagusia Korrikak irauten dituen 11 egunetatik harago joatea da. Korrika bera amaitu den arren, ekintza honekin euskararen pizkunderako txinparta piztu nahi da, herritarrek zein eragileek hartutako konpromisoak norberarengandik aurrera eramaten jarrai ditzaten.

Mintzodromoaren xedea euskara kalera ateratzea eta bere erabilera indartzea da, lagun giroan esperientziak elkarbanatuz. Horrez gain, bizitzaren eremu guztiei begira (norbanakotik hasi eta erakundeetaraino), euskararen egoeraren gainean modu kolektiboan hausnartzeko aukera eskainiko du. Bertan herritar orok har dezake parte: euskaltegi zein institutuetako ikasleek, mintzalagunek, elkarteetako kideek edo interesa duen edonork. Euskararen gainean euskaraz mintzatzea denez asmoa, B1 mailan hasitakoentzat eta maila altuagokoentzat dago bereziki gomendatuta. Hasi aurretik, parte-hartzaileek inkesta labur bat bete ahal izango dute QR kode baten bidez.

Bi hitzordu

Hitzordua bi txandatan banatuko da San Juan plazan, herritarren ordutegietara egokitzeko: Goizeko saioa 10:00etatik 11:30era izango da. Arratsaldeko saioa berriz, 18:00etatik 19:30era izango da. Bigarren txanda honek berezitasun garrantzitsu bat izango du: Hikadromoa egingo da, hitanoa modu praktikoan sustatzeko gune berezia.

Antolakuntzak aldez aurretik izena ematea gomendatzen du, espazioak eta mahaiak egokiro prestatu ahal izateko. Horretarako, bide hauek jarri dituzte herritarren eskura: telefonoz edo WhatsAppez (688 746 633) , posta elektronikoz (irun@aek.eus) edo online, iragarki kartelean eskuragarri dagoen QR kodearen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude