‘Haurrak Parkean’ ekimenak euskarazko jolasa eramango du berriro Irungo lau parketara urrian

Irungo Udaleko Euskara arloak, Hezten aisialdi euskaltzalearen eskutik, ‘Haurrak Parkean‘ egitasmoaren udazkeneko edizioa antolatu du datorren urrirako. ‘Egunik onenak, elkarrekin euskaraz jolasean’ lelopean, ekimen honen helburu nagusia da euskara eskolako eremutik kanpo ere jolasaren hizkuntza bilakatzea eta haur zein familien arteko hizkuntza-transmisioa bultzatzea. Saioak erabat doakoak dira eta parte hartzeko ez da aldez aurretik izenik eman behar.

Jarduerak urriaren 7tik 30era bitartean egingo dira, asteazken eta ostiraletan, hiriko lau gunetan. Asteazkenetan (urriaren 7, 14, 21 eta 28an) Nagore Laffage eta Oinaurreko parkeetan bilduko dira; ostiraletan (urriaren 9, 16, 23 eta 30ean), berriz, Partxis (Olaketa kalea) eta Sargia parkeetan. Eguraldi txarra eginez gero, saioak gune estalietara eramango dira (Toki Alai HHko patioa, parkeetako estalpeak eta Udaletxeko arkupeak). Taldeak adinaren arabera banatuko dira: 3 eta 5 urte arteko haurrak Zabu-Zibu taldeetan arituko dira heldu batez lagunduta (17:00etatik 18:00etara), eta 6 eta 9 urte artekoak Txirrintxon taldeetan elkartuko dira (18:00etatik 19:00etara).

Aurreko ikasturtean erregistratutako datuek egitasmoaren harrera bikaina berresten dute: hiru ediziotan zehar 900 haur-parte-hartze eta 180 heldu baino gehiago bildu ziren, eta familiek 9,6ko batez besteko puntuazioa eman zioten programari. Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak azpimarratu duenez, “euskara ez da eskolako hizkuntza soilik, jolasteko eta familian gozatzeko hizkuntza ere bada”. Ildo horretan, Iguiñizek gaineratu du parkeetan ikasitako jolasak etxean, plazan edo eskolako patioan berriro errepikatzea dela ekimen honen benetako balioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude