Iraileko lehen hamabostaldian 1936ko irailaren 5ean Irunen gertatutakoak gogora ekarriko dizute: Tropa kolpistek Irun okupatu zuten: hiria erori zen, eta, etsaien sua zela-eta, zibilek eta hiria defendatzen ari zirenek ihes egin behar izan zuten. Horretarako, Irungo Udalak, hiriko elkarte memorialistek eta Antxeta Irratiak elkarlanean gertatutakoa gogoratuko dute hitzaldi, argazki erakusketa eta ekitaldi instituzionalen bitartez.
89. urteurrenaren harira prestatutako egitaraua hitzaldiek, erakusketa batek eta ekitaldi instituzional batekosatuko dute. Ekitaldi instituzionala irailaren 5ean, eguerdiko 12:00etan izango da, San Juan plazan. Bertan hiriko alkateak, ordezkariak berak eta elkarte memorialistek parte hartuko dute. Besteak beste, 1936ko gertakarietan hildakoen omenezko lore eskaintza bat izango da.
Gorka Álvarez Giza Eskubideetarako, Memoria Demokratikorako eta Lankidetzarako Arloko ordezkariak azaldu duenez, programaren helburua da “ez ahaztea 1936tik aurrera gertatu zen eskubide urraketa eta, horretarako, egia, justizia eta erreparazio printzipioak sustatzea, baita gertatutakoa berriro ez gertatzea bermatzeko printzipioa ere”. 1936ko irailaren 5eko gertarien ostean, hiria suntsituta geratu zen, eta haren azkenaldiko historia markatu zuen gertatutakoak. Gorka Alvarezek adierazi duenez, “orain, 89 urte igaro dira, baina Irungo Udalak gertatutakoa gogora ekartzeko lanean jarraituko du, eta jazarpena eta indarkeria sufritu zituztenen borroka gogoratzen”. Ordezkariak erantsi duenez, “hiriak bizi izan zuena ikusita, hobeto uler dezakegu inguruko egoera, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiei giza eskubideak ez urratzeko balioak transmititu”.
Hitzaldi zikloa
Memoria historikoa berreskuratu eta mantentzeko nahiak bultzaturik, guztira, bost hitzaldi izango dira, Palmera-Montero Gunean. Guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira. Hiriko elkarte memorialisten ekarpenari esker programa aberastea lortu da, bestelako hizariek ere hitzaldietan parte hartuko duten arren.
- Irailaren 2an, “Gernika batailoia”, Franck Dolosor kazetari lapurtarraren eskutik. 80 urte bete dira Europako herrialdeetan Bigarren Mundu Gerra bukatu zela, eta, urteurrena aprobetxatuz, Dolosorrek Gernika batailoiari buruzko liburu bat argitaratu du. 23 irundarren parte hartu zuten batailoian, Kepa Ordoki komandantea barne. Hizlariak gudarien borroka errepasatuko du.
- Irailaren 3an, “Irun, bidegurutzea asaldura garaietan”, Koldo San Sebastiánen eskutik. Munduko leku batzuk ez dira muga hutsak, baina Irunek baditu ezaugarri berezi batzuk: 1841ean, karlistaldiaren ondoren eta foruak lehenengoz indargabetu ondoren, mugak lekualdatu ziren; kasu honetan, Bidasoara. 1864an, berriz, trena Madrildik iritsi zen. Alegia, gerra guztietako iheslariak pasatzen ziren hiritik, eta San Sebastiánek 1936ko gerrarekin lotuko du haren muga izaera.
- Irailaren 4an, “Irunen defentsa”, Nicolás Guerendiáin Irungo Errepublikarrak elkarteko kide Jon Hernández eta Miguel Usabiagaren eskutik. Irunek Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan betetako eginkizuna aztertuko da: hiria galdu izanaren arrazoi eta faktoreak, protagonistek betetako rolaren ikuspuntutik.
- Irailaren 9an, “Irundarrak Erorien Haranean”, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kide Peli Lekuonaren eskutik. Erorien Haranean 24 irundarren gorpuzkiak daude. “Gurutzadako martiri zein erorienak” eta Udalak dohainik eskainitako hilobian egondako matxinatuenak dira. Horrelakoak hobitik ateratzeko bi operazio egin dira Blaiako hilerrian.
- Irailaren 11n, “Bonbardaketak Euskadin”, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kide Xabier Irujo eta Koldo Salinasen eskutik –Irujok telematikoki parte hartuko du–. 1936ko uztailetik 1937ko abuztura arte, 2.042 bonbardaketa izan ziren Euskadin: 1.870, matxinatuenak, eta 172, errepublikanoenak. Irun ere ez zen libratu, eta datu esanguratsuak emango dira hiriak militar kolpisten matxinadari aurre egin zion 45 egunetako bonbardaketei buruz.
Avenida zubiaren lekukoa argazkietan

Bestalde, irailaren 2tik 7ra bitartean, Antxeta Irratiak antolatutako erakusketa bat egingo da Avenida zubian, “Deserriratuen memoriaren zubia” izenburukoa: hamarkadetan eta hamarkadetan zubi horren inguruan jazo diren deserriratze eta elkartasun istorioei buruzko argazkiak eta podcastak. Koldo Nausia Antxeta Irratiko kazetariak adierazi duenez, “Antxeta Irratiak, hedabide komunitarioa izanik, urteetan zehar landu du gure eskualdeko memoria historikoa, oroimenaren transmisioa gure ustetan ezinbestekoa baita”. Avenida, desherriratuen memoriaren zubia izanik, eta erakusketa honekin hamarkadak joan eta hamarkadak etorri Bidasoa ibaiaren inguruan arrazakeriaren, zatiketaren eta zapalkuntza ororen aurkako saretzea bizirik egon dela eta jarraitzen duela erakutsiko dugu, argazki eta deserriratuen testigantzen bidez.”



