2025eko udal egutegia Irungo koloreak islatzen dituzten argazkiez osatuko da

Irungo Udalak aukeratu du dagoeneko 2025eko udal egutegirako gaia: Irunen koloreak. Horrela, hiriaren eta hiriko paisaien koloreei eman die protagonismoa. Berriro ere, herritarrak izango dira egutegia sortuko dutenak, eta, horregatik, Udalak argazkiak bidaltzera gonbidatu ditu guztiak.

Irun kolorez betetako hiri bat da, bizi-bizia: egunsentien su kolorea, ondare natural bikainaren berdea, Bidasoa ibaiaren distira, jaien eta Irungo gereziondoen gorria… Horra hor hiria apaintzen duten jantzi aparteko eta paregabeetako batzuk.

Argazki guztien artetik hamahiru aukeratuko dira, azalekoaz gain. Hain zuzen ere, Irungo Argazki Elkarteak aukeratuko ditu, urtero lagundu ohi baitu udal egutegia editatzen.

Informazio praktikoa

Udalak gune bat sortu du dagoeneko web orrian, interesdunek irudiek zein ezaugarri izan behar dituzten kontsultatu ahal izateko eta argazkiak bidaltzeko formulario bat betetzeko. Bidalitako irudi guztien artetik hamahiru aukeratuko dira: hilabete bakoitzeko bat eta azalekoa. Urriaren 30era artekoa izango da argazkiak aurkezteko epea.

Argazkiak originalak izan beharko dira, inongo lehiaketatan saritu gabeak eta inongo hedabide profesionaletan argitaratu gabeak, eta Irungo leku jakin bat lokalizatu edo identifikatzeko modukoak izan beharko dute. Aurreko urteetan bezala, kontuz ibili nahi da irudietan adingabeak agertzearekin: adingaberik agertzen bada, egileek gurasoen baimena izan beharko dute argazkia argitaratzeko.

Argazkiek .jpg luzapena izan beharko dute, eta formatu horizontalekoak izan: 30 x 20 cm izango dira, edo antzeko proportziokoak. Gainera, hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izan beharko dute gutxienez, aukeratuak gertatuz gero editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten.

Argazkiak Udalaren webgunearen bidez bidali beharko dira. Parte hartzaileen erantzukizuna izango da hirugarrenen batek aurkezten diren lanen gaineko eskubiderik ez izatea eta irudi eskubideak direla-eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea. Parte hartzaileek bost argazki bidali ahalko dituzte gehienez ere, baina, aukeraketaren azken fasean, egile bakoitzeko argazki bakarra aukeratuko da. Abendu aldean argitaratuko da egutegia, eta 11.000 ale kaleratuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude