40 jarduera antolatu dira Irunen martxoaren 8aren inguruan

Datorren igandeko, martxoaren 8ko, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udalak eta elkarte feministek 40 jardueratik gora antolatu dituzte datozen asteetarako. Izan ere, martxoaren 8tik harago, ekintzak hilabete osoan zehar luzatuko dira. Irungo alkate Cristina Labordak, Maite Cortina Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen ordezkariak eta hiriko hainbat emakume elkarte eta/edo elkarte feministatako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Irungo udaletxeko areto nagusian, jarduera programa aurkezteko.

Programa ostiral honetan, otsailaren27an, abituko da. Jardueren antolatzaileak dira Irungo Udala Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Txingudiko Elkarte Feminista, Parean Elkartea, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde elkartea, Uxoa eta Argoiak elkarteak, Irungo Emakumeen Etxea Elkartea eta M8 Asanblada Feminista Bidasoa.

Programak formatu transbertsala nabarmentzekoa da, aipatutako elkarteez gain, Udaleko zenbait zerbitzuk ere parte hartu dutelako programa osatzen, hala nola Kultura edo Gazteria arloa edo Adinekoen zerbitzua. Jardueren artean, Gaztearteaneko ekimenez gain, azpimarratzeko modukoak dira adinekoen espazioetan antolatu diren tailerrak eta proiekzioak eta martxoan, apirilean eta maiatzean ikastetxeetan egingo den «Emakumeen aztarnak Irunen» ibilbide historikoa.

Cristina Laborda Irungo alkateak elkarte feministek hirian egiten duten lana aitortu eta eskertu du, eta kezkatuta agertu da «gazteen artean berdintasunaren eta feminismoaren inguruan sentsibilizazio txikiagoa dagoela islatzen duten inkesta jakin batzuen aurrean»«Gizarte eta erakunde gisa eskatzen zaigun datua da. Udalaren, elkarteen eta herritarren arteko lankidetzatik bakarrik egin ahal izango dugu aurrera horrelako aldarrikapen eta konpromisoetan, pedagogiatik eta balioetan oinarritutako hezkuntzatik abiatuta», adierazi du.

Maite Cortina Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen ordezkariak esan duenez «aurten ere indarrak batu ditugu Emakumeen Nazioarteko Eguna hilabete osoan zehar ospatzeko. Irungo Udalak eta hiriko elkarte feministek elkarrekin ondu dugun programan euskara, zientzia, filmen proiekzioak, antzerkia eta musika uztartzen dira, besteak beste. Eguneroko borroka bat da berdintasuna, baina martxoan emakumeen protagonismoa areagotu egiten da».

Martxoaren 8ko jarduerak

Nola ez, Emakumeen Nazioarteko Egunean zenbait ekitaldi egingo dira hirian. Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak San Juan plazan elkarretaratzera deitu du, ohi bezala: 11:00etan izango da kontzentrazioa, «Egunero izan beharko litzateke M8» lelopean. Jarraian, M8 Asanbladaren manifestazioak Irungo kaleak hartuko ditu, 11:45etan Hendaiatik irten eta gero. Santiago zubian elkartuta, manifestariak Zabaltza plazara (12:00) eta Zubimuxuko biribilgunera (12:40) joko dute, eta handik Hondarribira joango dira (13:00).

Egunarekin jarraitzeko, Argoiak elkarteak bazkari bat antolatu du Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. 14:00etan izango da, Irungo Ibaiondo jatetxean.

Zinema feministaren zikloa

Aurreko astean aurkeztu zen Zinema feministaren zikloa, martxoaren 8ko programazioaren barruan eta Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak (ACMI/IEEE) baterako kudeaketa-hitzarmenaren barruan antolatuta. Otsailean eta martxoan emakumezko zuzendariek zuzendutako lau film eskainiko dira. Iazkoak dira filmak, eta Amaia Kultur Zentroan izango dira proiekzioak. Honako hauek izango dira filmak: Jone, batzuetan (otsailak 27), La Furia (martxoak 5), Romería (martxoak 18) eta Los Domingos (martxoak 26). Bakoitzaren ondoren, gainera, mahai-inguru eta hizketaldi txiki bat antolatuko da filmen protagonistekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude