Termefora jaiak, grezieraz Thesmophoria jaiak, Grezia klasikoan egiten ziren ospakizun erlijioso garrantzitsuenetarikoak ziren. Demeter jainkosaren omenez ospatzen ziren. Jainkosa hori nekazaritzaren eta hazien zaindaria zen, eta beraz, bizi-iraupenari lotzen zitzaion.
Urrian antolatzen zituzten, uztak jaso eta hurrengo landaketa egin aurretik. Oso festa bereziak ziren, emakumeen jaiak zirelako nagusiki, eta bertan gizonek ezin izaten zuten parte hartu. Demeterren ohorezko jai haiek hiru egun irauten zuten, eta Grezia osoan barrena ospatzen ziren. Imajina dezakegun bezala, festa horietan gogotik jan eta edaten zen, baina horrez gain, sekretupeko errituak ere egiten ziren. Nork ez luke nahi izango zirrikitu batetik festa haiek nolakoak ziren ikusi? Ziurrenik giroa gaur egun gure inguruan ospatzen diren jaien antzekoa izango zen… Auskalo!
Erromatarren munduan ere bazegoen Demeter jainkosaren parekoa: Zeres. Hortik dator “zereal” hitza, haren izenetik, bera ere nekazaritzaren jainkosa baitzen. Zeresen omenez Zerealiak ospatzen ziren, apirilaren 12tik 19ra, udaberriko landa-lanen garaiarekin bat eginez. Antzerkiak eta zirkuko ikuskizunak egiten ziren, baita zaldi lasterketak, prozesioak eta bestelako zeremoniak ere; esaterako, lehen uzta Zeresen tenplura eramaten zen. Baina bada festa hauen pasarte bitxi bat ere: Ovidioren arabera, azerien isatsetan zuzi txikiak lotzen zituzten, eta Zirku Nagusiko hondarretan askatzen zituzten animaliak. Zergatik? Ovidioren kontakizun mitikoan, ume batek oilaskoak lapurtzen ari zen azeri bat harrapatu, eta haserretuta isatsean su eman omen zion. Ez zuen, ordea, aurreikusi animalia ihes egin eta landara joango zenik, eta batez ere, Zeresen omenezko uzta guztiak erreko zituenik. Egia ote? Batek daki! Baina beti da erakargarria gaur egungo festen jatorria ezagutzea, nahiz eta, egia esan, musika jotzen hasten denean inork gutxik galdetzen duen zergatik ospatzen den festa.
Bidasoalde honetan festa ugari ospatzen dira, giro ezin hobean gainera, haietako batzuetan sortu ziren liskarrek, oraindik ere pil-pilean jarraitzen badute ere. Seguru asko, urte batzuk barru gure gaur egungo jaiei buruzko ikerketak egiterakoan ez dute beti ondo ulertuko zergatik piztu ziren eztabaidak, edo seguruenik ahaztuta egongo dira. Baina guk Thesmophoria jaiak bezalaxe urrian oso festa berezia ospatuko dugu Oiasso Museoan: Aniztasunaren Gala. Ekitaldi bat da, bai; jaialdi bat ere bai; baina, batez ere, festa handi bat: aniztasunaren festa edo aniztasunetik sortutako festa. Aurten gainera bosgarren edizioa ospatuko dugu. Bost jaialdi jada!
Urriaren 17an izango da Oiasso Museoan; hurrengo egunean, hilaren 18an, Tolosako Topicen; eta igandean, 19an, Chillida Lekun, paraje ezin hobean! Urteak igaro ahala familia handi honek gora egin du, eta aurten sona handiko antzerki jaialdietan sari ugari eskuratu duen Ezezagunok antzerki taldea izango da gurekin. Halaber, Uikan dantza taldeak bere arte garaikidea erakutsiko du, eta telebistan ezagun bihurtu diren Verdini dantza taldeko kideak ere Chillida Lekura etorriko dira, beren azken koreografiekin. Eta zer esan Simon Ezquiagaren martxaz? Jendea dantzan jartzeko ahalmen ikaragarria du. Horrez gain, Jakes Txapartegi piano-jotzaile bikaina ere izango dugu, bere irakasle eta maisu Esther Barandiaran lagun duela. Aurkezlea, berriz, Emma Larreta izango da: dibertigarria eta hurbila, baina baita ausarta eta konprometitua ere, indarkeria matxistaren aurkako aldarria bere egiten duena eta bere errealitatetik kontzientziak pizten dituen emakume ausarta. Eta nola ez, musika guztia gidatuko duen Iñaki Salvador, artista handi hauei guztiei handiago izaten laguntzen dien maisua.
Aurten gainera, Agisas elkarteari esker, ipuin kontaketa egingo duen gor talde baten antzezpena izango dugu. Eta kolektibo horretako kideek ekitaldia jarraitu ahal izateko interprete bat ere egongo da. Ongi etorria eman eta euren lana ezagutzeko gogo bizia dugu.
Festa honi esker, aniztasunaren eredu diren artistak ezagutzeko aukera izango dugu; gizarteak ezartzen dituen mugak gainditzen dituzten sortzaileak, artearen bidez askatasun handiagoa lortzen dutenak. Bost urtean sendotutako familia hau hazten doa, eta, batez ere, bere lana gero eta jende gehiagorengana iristen ari da.
Bidasoaldean eta Oiasso Museoan festa gehiago izango dira, baina hau berezia da. Zabaldu nahi dugu, batez ere aipatutako guztien gaitasunak ezagutzera emateko.
Aniztasunaren Gala ez da soilik jaialdi bat: gure arteko desberdintasunak ospatuz, guztion artean etorkizun partekatu eta oparoago bat eraikitzeko festa da.
Ez ahaztu! Aniztasunaren Gala.
Urriaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, Oiasso Museoan.
Ekarri beharrekoa: ondo pasatzeko eta gozatzeko gogoa.



