Adinekoen Astea amaituta, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak balantzea egin du. Balorazioan ondorioztatu dute irailaren 24tik urriaren 6ra bitartean egindako 15 jarduerek arrakasta handia izan dutela.
Udalak antolatutako jardueretan 950 lagunek hartu dute parte, gutxi gorabehera, eta horrek erakusten du, Sandra Caballero Gizarteko Ongizateko ordezkariaren hitzetan, Irungo herritarrak «Udala bezain konprometituta» daudela hiriko adinekoekin. Jardueraz betetako astea izan da, parte-hartze handikoa, eta gure adinekoak izan dira protagonistak. Poztea besterik ez dugu eta, aldi berean, eskerrak ematea parte hartu duten erakunde eta entitate sozialei, haien lana eta babesa ezinbestekoa baita astea normaltasunez egin ahal izateko».
Askotariko jarduerak antolatu dira (instalazio artistikoak, erakusketak, hainbat diziplinaren erakustaldiak, etab), eta guztiek ere oso parte-hartze ona izan dute. Gainera, adinekoen lokalen dinamizazio-taldeek eta adinekoen elkarteek elkarrekin egiten duten lanaren erakusgarri izan da astea, eta horrela elkar ezagutu dute eta besteen lana ikusi eta aitortu, eta oso giro ona egon da jardueretan.
Aipagarriak dira, bereziki, dagoeneko klasiko bilakatutako kioskoko dantzaldia (350 lagun inguru bertaratu ziren Zabaltza plazara, euria egin arren), Adinekoak dantzan (300 pertsona baino gehiago bildu ziren Palmera Monteroko kanpoaldean) edo Adinekoak eta antzerkia (108 ikusle Palmera Monteroko 2. aretoan).
Horrez gainera, aurten 2023an baino jarduera gehiago antolatu ditu Udalak (15 jarduera egin dira aurten, eta iaz, aldiz, 12 baino ez), «horrek agerian uzten du Irungo adinekoak lehentasun bat direla, eta ederki erakusten du zertarako ospatzen dugun aste hau. Hiriko egunerokotasunaren protagonistak dira, eta gizarteari egiten dioten ekarpena islatu eta ezagutarazi nahi genuen».



