Atletismoa edonoren esku Bidasoa Atletiko Taldeko kirol egokituko taldeari esker

  • Independentzia funtzionala garatzea.
  • Koordinaziorako trebetasunak hobetzea.
  • Norberaren gorputza ezagutzea.
  • Jarduera fisikoaz gozatzea.

Bidasoa Atletiko Taldeak, bere kirol eskaintza zabalaren barnean, kirol egokituko taldea du. Kirolak eta jarduera fisikoak pertsona askoren bizi kalitatea hobetu dezakeela jakinik, klubak adimen desgaitasuna duten pertsonei horretarako aukera eman nahi die. Proiektu pilotu gisa hasi zena, egun klubaren eskaintzaren barnean txertatutako beste jarduera bat bihurtu da.

Lur Zabala talde horretako entrenatzaileetako bat da eta bertan nola lan egiten duten azaldu du. Taldea duela bost-sei urte sortu bazen ere, Lur duela pare bat urte hasi zen bertan entrenatzaile lanetan. Lur Zabalak azaldu duenez, “talde egokituaren helburu nagusia kirolaren praktika sustatzea da”. Izan ere, entrenatzaileak azaldu duenez, eskualdean gutxi dira behar bereziak dituzten pertsonetara egokitzen diren taldeak eskaintzen dituzten klubak. Horregatik, Bidasoa Atletiko Taldeak pertsona guztiei kirolaz gozatzeko aukera emateko apustua egitea erabaki zuen talde honen sorrerarekin.

Kirol egokituko taldea astean behin elkartzen da Plaiaundiko atletismo pistan. Lur Zabalak azaldu duenez, taldeko zenbait kide beste kirol klubek eskaintzen dituzten kirol egokituko taldeetan ere aritzen dira, adibidez, eskubaloian edo saskibaloian. “Ekintza honen helburua, kirola egiteaz gainera, ondo pasatzea ere bada”, gaineratu du Zabala entrenatzaileak.

11 dira egun Bidasoa Atletiko Taldeko kirol egokituko taldea osatzen duten taldekideak. Iaz 12 ziren, baina batek taldea utzi ostean, 11 izatera pasa dira. Taldekideez galdetuta, Lur Zabalak azaldu du orokorrean talde nahiko gaztea dela. “Kide gazteenak 15 urte ditu eta helduenak, berriz, 33 edo 32 urte inguru”, azaldu du taldearen entrenatzailea denak.

Entrenamenduak prestatzerakoan taldekide bakoitzak dauzkan beharretara egokitzen direla azaldu du Lur Zabalak. Entrenatzaileak azaldu duenez, “guztiek entrenamendu berdina egiten dute, bakoitzak beharrezkoak dituen egokitzapenekin, noski”. Beraz, taldera edonor batu daitekeela azaldu du BATeko talde egokituko entrenatzaileak, beti baitago jarduera egokitzeko aukera.

“Ekintza honen helburua, kirola egiteaz gainera, ondo pasatzea ere bada”

Edozein klubetako entrenamenduetan bezala, beroketa ariketekin hasten dira BATeko talde egokituko entrenamenduak. “Horretarako korrika pistari itzuli oso bat ematen diogu”, adierazi du Lur Zabalak. Dena den, noizbehinka entrenamenduen hasiera ezberdina izan dadin, batzuetan Plaiaundiko parkera ere irteten dira korrika, beroketa ariketak egiteko. Gorputza luzatzeko ariketak egin ostean, pistara itzultzen dira sprint batzuk egiteko.

Entrenamenduan zehar bestelako ariketak ere egiten dituzte. Hau da, eguraldi onarekin harean saltoak egiten dituzte edo besteetan hesiak jarri eta hesi lasterketak egiten dituzte. “Ordu eta erdiko entrenamendua da eta oso azkar pasatzen zaigu denbora”, adierazi du Lur Zabalak. Beraz, kirol egokituko taldean atletismoaren modalitate ezberdinak ezagutu eta probatzeko aukera dute kideek. “Astean behin egiten diren entrenamenduak direnez, saio bakoitza ezberdina izan dadin saiatzen gara, nahiz eta, noski, zenbait ariketa errepikatzen diren”, aipatu du entrenatzaileak.

Kirola praktikatzeko talde bat izateaz gainera, Lur Zabalak taldekideen arteko laguntasuna azpimarratu du. Hain zuzen ere, gehienak klubetik kanpo jada elkar ezagutzen zuten eta, gainera, askok elkarrekin lan egiten dute. “Taldekideak eta baita lagunak ere badirela nabaritzen da eta guk ere sekulako barreak egiten ditugu beraiekin”, aipatu du entrenatzaileak. Beraz, kirolarientzat, kirola egin eta aldi berean aisialdian ondo pasatzeko aukera aparta eskaintzen du talde honek.

“Guztiek entrenamendu berdina egiten dute, bakoitzak beharrezkoak dituen egokitzapenekin, noski”

Taldea familia txiki-handi baten modukoa da eta. Zabala entrenatzaileak azaldu duenez, kirolariak oso pozik datoz entrenamenduetara. “Gurasoek esaten digute etxean asko galdetzen dutela atletismoaz eta osteguna iristeko irrikitan egoten direla entrenatzera etortzeko”, erantsi du Lur Zabalak. Desio horrek erakusten du kirolariak pozik daudela atletismoaz gozatzeko aukera honekin. “Entrenamenduek beraien errutinatik edo lanetik aldentzeko aukera ematen diete, lagunekin egoteko aukeraz gain”, nabarmendu du Lur Zabalak.

Lehiarik ez

Kirol taldea bada ere, Lur Zabala entrenatzaileak azaldu du talde honek normalean ez duela lehiaketetan parte hartzen. Hortaz, kirol lorpenetan baino, bestelako baloreetan jartzen dute arreta. Zabalaren hitzetan, “izaera solidarioko probetan parte hartzen dugu bakarrik, adibidez, Irunen klubak antolatzen duen Irungo Miliak 5K proban”. Beraz, lehiaketatik kanpo geratzen dira talde honen helburuak.

Lur Zabalak gogoratu du Bidasoa Atletiko Taldeko talde egokitua kirol talde irekia dela eta, hortaz, urteko edozein unetan egin daitekeela bertara batzeko izen ematea. Hau da, izena emateko garaia ez da soilik urte edo denboraldi hasierara mugatzen. “Kirola egin nahi duten guztiek ostegunetan hemen izango gaituzte gure taldera batzeko”, adierazi du entrenatzaileak.

Izen ematea egiteko bidea, berriz, klubarekin harremanetan jartzea da, bai telefonoz, emailez zein klubaren webgunearen bitartez. Nahiago dutenak klubak Palmera Montero guneko 8. aretoan duen bulegora ere hurbil daitezke informazioa eskatu edo, nahi izanez gero, taldera batzeko. Era berean, Zabalak gogoratu duenez, talde egokituko taldeak ostegunero entrenatzen du Plaiaundiko pistetan. Horrela beraz, arratsaldeko 17:00etatik aurrera eta 18:45ak arte bertan izaten dira, taldera batu nahi den edonori ongietorria emateko prest.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude