CBA Liburutegiak Salvador Echeandía Galen inguruan antolatuko du 2024ko programazioa

2024ko abenduan ehun urte beteko dira Salvador Echeandíak Irungo hiriari Gal estadioa eraikitzeko lursaila dohaintzan eman zionetik. Mendeurren horren inguruan ehunduko ditu CBAk 2024ko programazioaren proposamenak. Ekintzen aurkezpenean parte hartu dute Igor Emery Real Unioneko presidenteak, Iñaki Ceberio, CBA liburutegiko zuzendariak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak.

Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak azaldu du Salvador Echeandía Gal irundarra izango dela aurtengo ardatz nagusia. “Salvador Echeandía Gal aitzindaria izan zen enpresaburu gisa baina baita gai sozialetan ere eta, horri esker, askotariko jarduera ugari antola ditzakegu haren inguruan, hiriarentzako interes handikoak”, azaldu du ordezkariak.

Horregatik, CBA udal-liburutegian Salvador Echeandía Gal gogoratzeko zenbait jarduera antolatuko dira, hala nola zinema ziklo bat, hainbat erakusketa eta hitzaldi batzuk, guztiak ere pertsonaia honetan inspiratuta. Izan ere, ekarpen handia egin zion Irunen garapenari, eta hainbat mugarri ezarri zituen, hala jarduera ekonomikoari nola kirolari dagokienez. Ildo horretan, udal-liburutegia lanean ari da Echeandiaren figura eta lorpenak erakusten dituzten argazkiak, dokumentuak, prentsa-oharrak eta kartelak biltzeko.

CBAk irundar ospetsu honen izaera poliedrikoa baliatuko du haren bizitzan esanguratsuak izan ziren beste gai batzuk jorratzeko, hala nola publizitatea, ekintzailetza edo lurringintzaren mundua. Edonola ere, urte olinpikoa izaki, hiriko kirolak eta futbolak leku berezi bat izango dute.

Salvador Echeandía Gal

Salvador Echeandía Gal gizon modernoa eta ekintzaile handia izan zen. Berritzailea izan zen industrian eta publizitatean, arrastoa utzi zuen hiriaren hirigintzako garapenean eta eragin handia izan zuen Gal estadioaren eraikuntzan: sustatzaile nagusia izan zen, eta izena ere eman zion. Echeandía Galek bere amaren izena eramango zuen estadioa eraikitzeko lursailak jarri zituen eta, gainera, estadioaren eraikuntza finantzatu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude