Belartzako obra aurreratuko da Artiako auzoari aparkelu berriak eskaintzeko

Cristina Laborda alkateak Belartzako obraren hasiera aurreratu dela jakinarazi du gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Belartzako obra agintaldiko jarduera garrantzitsuenetako bat da, eta 7 milioi euro inguruko aurrekontua du. Helburua da Artia auzorako aparkaleku berriak eskaintzea eta auzoaz gozatzeko topagune gehiago ere sortzea.

Alkateak esan duenez, Jarduketa honek “arnasa” emango dio auzoari. Cristina Labordaren hitzetan, “Artian espazio ireki bat egingo dugu, elkartzeko eta aisiarako, eta, horretarako, kirol ekipamenduak, haur-parkeak eta egoteko lekuak egingo ditugu”. Gainera, Alkateak baieztatu du 70eko hamarkadan planifikatu gabe eraikitako auzo bateko aparkaleku-defizita arinduko dela. “Aparkaleku hori eraikita, eta hirigintza ere hobetuta, Artiako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko dugu batez ere” baieztatu du Cristina Labordak.

Alkatearen hitzetan, “jarduera honen balio garrantzitsuenetako bat da inguruko bizilagunen eskutik diseinatu dela da, horretarako udalak parte-hartze prozesua jarri baitzuen abian”. Horrela, ibilgailu elektrikoak kargatzeko aukera izateko eta bizikletentzako aparkaleku seguru bat izateko proposamenak gehitu zaizkio proiektuari.

169 aparkaleku eta espazio publikoak

Obrak izango dira estalitako aparkaleku bat egitea eta haren azalera urbanizatzea jolas- eta kirol-erabilerarako, parkea eremu publiko gisa hegalera luzatuta. Hiru solairuko parking bat izango da: Lurpean bi solairu, eta hirugarrena, Belartzako hegaleko desnibelean.

Hiru altuerako aparkalekua izango duen partzela osoan, aparkatzeko 169 toki egin daitezke: 69 toki, -2 solairuan; 67 toki, -1 solairuan, eta 33 toki sarrera-mailan; 8 moto aparkatzeko toki; bizikletak aparkatzeko bi gela, eta, horrez gainera, mantentze-lanetarako gelak eta instalazioak.

Aparkalekurako sarbidea Berroeta margolaria kaletik proiektatuko da, eta irteera Zurbaran kaletik izango da. Horrela, Irungo nahiz Irundik kanpoko norabide gehienetan mugimendua arinagoa izango da, erosoagoa eta berehalakoagoa izango baita.

Ibilgailuak baterian aparkatuko dira, 2,5 x 5 m-ko tokietan, eta zirkulatzeko bideak 5 m-ko zabalera izango du eta noranzko bakarrekoa izango da. Horrela, partzelaren azalera ahalik eta gehien aprobetxatuko da, aparkatzeko toki-kopuru gehiago izateko.

Bi gune sortuko dira, oinezkoak lurpeko aparkalekura sartzeko eta handik ateratzeko, eraikin eta saltoki gehien dauden lekuetatik gertu, partzelaren perimetroan eta haren bi muturretan. Igogailu bat instalatzea ere aurreikusten da, aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko. Gainera, aparkalekuen kudeaketa alokairukoa izango da, adibidez Pinudikoaren eskema berari jarraituz.

Lur gaineko eremua bi zatitan banatuko da, kota desberdinetan. Estalkia izango dena aisialdirako erabiliko da osorik, eta, bertan, hainbat gune sortu ahalko dira, hala nola haurrentzako parke bat eta beste parke bio-osasungarri bat, eta kirol-instalazioak (saskibaloi-kantxak, erabilera anitzeko guneak, ping-pongerako mahaiak…). Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdera ere luzatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude