Jon Medrano, ipar martxako kirolaria: “Ipar martxa lurrazal ezberdinetara moldatzen den kirola da”

Jon Medrano ipar martxa praktikatzen duen kirolari irundarra da. Azken bi urteetan zehar ipar martxako Europako Txapelketan hirugarren postua lortu du eta Espainiako Txapelketan txapeldun titulua. Lorpen horiei esker otsailean Irunen antolatutako Kirol Galarako Irundarron Sariarentzako izendapena lortu zuen. Ipar martxaren praktikan nola hasi eta trebatu zen kontatu digu gure kirolariak.

Zertan datza ipar martxa?

Ibiltzeko patroi natural horri bi makila gehitzen zaizkio, baina mendian erabiltzen diren makilekin alderatuta, dragonera deituriko eskuko heldulekua ezberdina da. Horrez gain, teknika ere berezia da: aurrean dagoen eta atzean dagoen oinaren pareko tartean finkatu behar da makila eta besoko mugimenduak gerritik aurrera eta atzera luzatzen dira, makilak erabiliz bultzada lortuz.

Horrelako aintzatespenek pilak kargatzen dizkizute hobetzen jarraitzeko

Nola ezagutu zenuen ipar martxa deritzon kirola?

Ni duela 7 edo 8 urte hasi nintzen ipar martxa praktikatzen, posturarekin zerikusi handia zuen kirola zela ikusi nuelako, eta beraz, osasuna lantzeko era aproposa iruditu zitzaidalako. Betidanik pertsona kirolaria izan naiz, eskubaloian zein igeriketan ibilitakoa naizelako, eta geldirik egon ostean, kirol honekin txapelketa mailara itzuli naiz.

Teknikan trebatzea asko kosta zitzaizun?

Zaila da teknika ondo ikastea. Gainera, kirol honek txapelketetan epaileak ditu, kirolarien ibiltzeko era epaitzen dutenak. Efizientzia lortu nahi izanez gero, kirol guztietan bezala, hori landu beharra dago, akatsik egin gabe azkarrago joateko.

Kirol hau zer ingurutan praktikatu daiteke?

Edozein ingurunetan praktikatu daitekeen kirola da: mendian,  zelaian, errepidean… Ipar martxa lurrazal ezberdinetara moldatzen den kirola da. Txapelketak, orokorrean, hiriko parkeetan edo errepideetan egiten dira, nahiz eta zirkuitu ezberdinak dauden.

Nolakoa da ipar martxako lasterketen dinamika?

Guztira 10 dira probetan errespetatu beharreko arauak. Laburbilduz, bastoia kontrako hankarekin batera sartu behar dela bi hanken tartean geratuz eta pausua ematerakoan eskua luzatu eta ukondoa gerritik atzera pasatu behar da. Mugimendu segida bat da non keinu horiek etengabe errepikatu behar diren. Beraz, koordinazio handia behar da. Hortaz, helmugara iristen lehena izan arren, epaileen zigorrak erabakigarriak izan daitezke.

Nola antolatzen dituzu zure entrenamenduak?

Beste kiroletan bezala, denboraldi hasieran helburu batzuk zehazten dituzu. Aurten nire helburu garrantzitsuenetako bat taldekako estatu mailako txapelketa bosgarren urtez jarraian irabaztea izango da. Banakako txapelketan ere estatu mailako txapelketa irabazi nahiko nuke. Gainera, klubean ahaleginetan gabiltza atletismo federakuntzak Madeiran antolatutako Europako Txapelketan parte hartzeko. Behin helburuak markatuta, entrenamenduak antolatzen dira. Izan ere, frogaren arabera luzera ezberdina da, hortaz, kilometroen araberakoa da prestakuntza. Nik, ibiltzeaz gainera, indar eta arnas lanak egiten ditut eta serieak egiteaz gainera, mendiaz ere gozatzea gustatzen zait tirada luzeak eginez.

“Kirol honek txapelketetan epaileak ditu, kirolarien ibiltzeko era epaitzen dutenak

Beharrezkoa da klub baten barnean egotea maila altuko txapelketetan lehiatzeko?

Orain dela 4 urte Alacanteko Club Marathon Crevillent izeneko atletismo klubarekin egin nuen fitxa eta, kasu honetan, beraiek denboraldiko gastu guztiak ordaintzen dizkigute, hau da, lekualdaketak, dietak eta ostatuak. Horri esker posible da denboraldiaren jarraipena egitea. Kluba Alacanten egoteak bakarkako lan handia eskatzen du, baina probetara iristean talde giroa nabaria da eta handia da kirolari guztien inplikazioa.

Zer sentitu zenuen Irundarron Sarirako izendapenaren berri izaterakoan?

Sekulako ilusioa egin zidan. Beste kiroletan ibili naizenetan Irungo klubetan parte hartu izan dut, beraz, nahiz eta orain Irunen ez bizi, pozgarria da kirol gutxitu hau eta nire emaitza pertsonalak kontutan hartzea. Gainera, ekitaldian nire garaiko kirolariekin gurutzatu nintzen. Horrelako aintzatespenek pilak kargatzen dizkizute hobetzen jarraitzeko.

Izendapenak kirol gutxitu hau ezagutarazteko lagungarriak izan daitezkeela esango zenuke?

Bai. Aldaera asko dituen kirola da. Osasun arloari loturik kaletik makilekin jende asko ikusi arren, kirol munduan, hau da, txapelketa mailan, kirolari gutxi dituen kirola da oraindik. Horregatik, edozein aipamen eskertzekoa da, noski. Nirekin batera Alacanteko taldean beste Beratar bat dago eta gu gara maila honetan gabiltzan inguruko bakarrak. Dena den, Donostia inguruan bada beste klub batekin dabilen beste kirolariren bat.

Zeintzuk dira ipar martxaren onurak?

Ipar martxako irakaslea naizen aldetik, nire ikasle guztiei esaten diet eguneroko ibilaldi horri gehitzen diozun plusa dela. Makilek, segurtasuna emateaz gain, bultzada ere ematen dute, beraz, besoek ere indarra egiten dute. Bultzada horrek gerriaren mugikortasun handiagoa ere ematen du, pausua handiagoa delako. Horretaz gain, zirkulazio ikerketek erakusten dute, adibidez, bularreko minbizian onurak izan ditzakeela, sistema linfatikoari eta zirkulazioari laguntzen dielako, baina beti profesional baten jarraibideak kontuan izanez. Kirol honek onura asko izan arren, lesioak ere izan daitezke, batez ere txapelketa mailan. Lesiorik ohikoenak besoetakoak dira, gaizki egindako mugimenduen errepikapenaren ondorioz.

Nola animatuko zenuke jendea kirol hau ezagutzera eta praktikatzera?

Beren inguruan ipar martxako irakasle bat bilatzea aholkatuko nieke. Ondo eginez gero, onura asko dituen teknika da, baina horretarako jarraibideak ondo ikasi behar dira. Garrantzitsuena disfrutatzea dela uste dut, esan bezala, oso kirol moldagarria baita eta hiri barnean zein mendian praktikatzeko aukera ematen duena. Beraz, inguruan ditugun mendiei etekina ateratzeko modua izan daiteke, turismoa eta kirola egiten den bitartean.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude