Irungo Udaleko Kultura Arloaren eskutik, datorren asteazkenean, hilak 29, Egiptomania zikloaren barruko lehenengo hitzaldia egingo da, Oiasso Museoaren egoitzan: “Iñudes/nodrizas en el Egipto romano a través de los papiros”. Antzinako Egiptoko historia eta arkeologiari buruzkoa da Egiptomania zikloa, eta EHUrekin elkarlanean antolatu da.
Historiako graduatu eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Historiako eta Antzinateko Zientzietako Masterreko doktoregai Maddi Izaguirre Ayestaránek emango du hitzaldia. Oiasso Museoaren egoitzako Portua gelan izango da, 19:00etan, doan.
“Iñudes/nodrizas en el Egipto romano a través de los papiros”
Inudeak (Erroman nutrix zirelakoak) emakumeek izan duten ofiziorik zaharrenetako batean jarduten ziren: sarritan, halako estatusa eta botere ekonomikoa zuten emakumeak (hau da, andere handiak), erditzeko minak ahituta, ez zuten bularra eman nahi izaten, eta, horregatik, inudeengana jotzen zuten.
Iturri literario eta epigrafikoek sakon dokumentatu dute ofizio hori, eta Egipto erromatarrean utzi zituzten emakume horien lanari buruzko xehetasunik handienak: badira K.a. I. mendearen eta K.o. IV. mendearen arteko papiro batzuk, emakumeok ematen zituzten zerbitzuei buruzko informazio zehatza ematen dutenak, eta, haien arabera, lana kontratupekoa eta soldatapekoa zen, eta aldeek arau zorrotz batzuk hitzartzen zituzten, langileek kontratuen indarraldian bete behar zituztenak eta haien lanean zein bizitza pertsonalean eragina zutenak.
Hitzaldiaren helburua Egipton aurkitutako papiroen bidez mendeetan zehar iraun duen lanbide bat ezagutaraztea da.



