Bioterrak konpromiso ekologikoan jarriko du arreta azokaren 21. edizioan

Ekainaren 7tik 9ra egingo da Bioterra azokaren 21. edizioa. 130 enpresa erakusketari baino gehiago bilduko dira Bioterraren aurtengo edizioan. Konpromiso ekologikoa izan da aurten Ficobako azokak landuko duen gai nagusia. Azoka sarrera doakoa da eta gonbidapenak webgunearen bitartez lortu daitezke. Inaugurazioa ekitaldia berriz, ekainaren 7an eguerdiko 12:00etan egingo da.

130 izango dira azokan parte hartuko duten enpresak. Enpresa hauek, azokara joaten diren bisitariek eta prestatu den jarduera-programa paralelo zabalean parte hartzen dutenek nork bere ekarpena egingo du, ikuspuntuak partekatuta, aurtengo leloa ardaztzat hartuta: «Konpromiso ekologikoa».

Lelo horrek konpromiso hitzarekin indartzen du erantzukizunaren eta parte-hartze aktiboaren ideia. Ingurumenean inpaktu positiboa duten jardunbide eta produktuen aldeko etengabeko konpromisoa dakar. Hausnartzera gonbidatzen gaitu, eta guztiz bat egiten du azokaren misioarekin, hau da, bizimolde kontziente eta arduratsu bat sustatzearekin.

Bestalde, ekologikoa hitzak ingurumena dakarkigu burura zuzenean, Bioterrak planetaren osasunarekin duen konpromisoa azpimarratzen baitu. Zuzeneko lotura bat iradokitzen du naturarekin eta metodo tradizionalen soiltasunarekin. Hortxe jasotzen da azokaren funtsa, hots, ingurumena errespetatzen duten eta harekin harmonian funtzionatzen duten produktuak eta jardunbideak sustatzea.

Funts horrek berriz ere bildu du komunitate bat Bioterraren altzoan: gero eta jende gehiago eta konprometituagoa, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren alde, eta urtero Bioterran huts egin ezinezko hitzordu aberasgarria izaten dute.

Begirada integral bat jasangarritasunari

Gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa du ingurumen-gaien inguruan, eta, horren ondorioz, ia jarduera ekonomiko guztietara zabaltzen ari da. Orain, ikuspegi nagusia da hainbat faktorek planetaren jasangarritasunean eragiten dutela eta gobernuek, nazioz gaindiko erakundeek, eta enpresek-eta ekintzak egin behar dituztela egoerari aurre egiteko. Baina, horrez gain, egoerak gutako bakoitzari ere eskatzen digu gure bizitzako ia alderdi guztietan kontuan izan dezagun.

Horregatik, Bioterraren 21. edizio honek ere leiho bat ireki nahi dio aktibismoari, ingurumen-arazoak konpontzeko gizarte-mugimendu bat den aldetik, banaka izan nahiz kolektiboa izan.

Programa zabala

Berrogeita hamar jarduera paralelo baino gehiago aurreikusi dira 2024ko Bioterraren programan, eta horrela bisitariak egonaldia luzatu dezake edo, are, bisita errepikatu. Izan ere, ikustera eta ezagutzera ez ezik, ikastera eta hausnartzera ere etorri behar da Bioterrara. Alde horretatik, kontua da akordio handiek, eguneroko ekintza eta erabaki txikiekin batera, Lurra leku jasangarriagoa izaten lagundu behar dutela.

Ozeanoen Munduko Eguna

Aurten Bioterrak Ozeanoen Munduko Egunarekin kointzidituko du eta, horregatik, Bioterran egingo dira Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astearen (Basque Environment and Oceans Week – BEOW 2024) jardueretako batzuk.

Bioterrak ere bat egin du Ozeanoen Munduko Eguneko ospakizunekin, eta gai horri buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak sartu ditu programan. Horrela, esate baterako, ozeanoak izango dira «Planetaren mugak ozeanoetan» mahai-inguruko protagonistak. Mahai-inguruko parte-hartzaile izango dira Marta Pascual doktorea, Klima Aldaketaren Euskal Zentroaren (BC3) / Atlantikoko Ekintza Planeko Espainiako Hub Nazionaleko eta WestMED Europar Ekimeneko ikerlaria; eta Maite Mompó, Stop Ecocidio kanpainaren zuzendaria.

Ozeanoen Munduko Egunarekin lotutako beste proposamen interesgarri bat da Nacho Deanen hitzaldia. Beste balentria batzuen artean, aipatzekoa da munduari oinez eta igerian buelta ematea lortu duen lehen pertsona dela , eta bakarra, betiere ingurumenaren kontserbazioan jarrita fokua. Espainiako kostaldean gora eta behera ibili da belaontzian, Espainiako kostaldeko plastikoen kutsaduraren lehen mapa egiteko, eta esperientzia hori kontatuko du Bioterran.

Bioterraren programan sartzen da, gainera, Surfrider España GKEak egindako ikus-entzunezko proiektu bat, jasangarriagoak izateko beren ohiturak aldatzen dituzten hiru pertsonari buruzkoa. Aldaketa olatuak lanak Donostian grabatutako hiru film labur biltzen ditu, eta elikadura, hondakinak eta aktibismoa lantzen ditu.

«Itsaso bete zientzia» sariak

Ekainaren 8an, larunbatez, 17:30etan, Estatuko unibertsitateen G9 taldeak sustatutako «Itsaso bete zientzia» sariak banatuko zaizkie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei.

Sari horien jatorria Europan bilatu behar da: izan ere, EBk gaurdanik 2030era arte ezarri dituen egitekoen artean dago gure ur eta ozeanoen osasuna berreskuratzea, ezinbesteko baliabide hori jasangarria eta pertsona guztientzako erabilgarria izan dadin aurrerantzean ere. Unibertsitateen G9 taldeen Kultura Zientifikoko unitateen G9-Science4All proiektuaren xedea da helburu hori eta beste batzuk ezagutzera ematea dibulgazio zientifikoaren bidez, gizartearen maila guztietan.

Horregatik sortu dute «Itsaso bete zientzia» lehiaketa, Ozeanoen Munduko Egunaren esparruan, ekimen horren idealak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleengana helarazteko, G9 taldeko unibertsitateen lurraldean. Txapelketan parte hartzen duten gazteek ozeanoen kontserbazioari buruz duten ikuspegia partekatu ahalko dute, eta mezu hori zabaldu beren familien, helduen, irakasleen eta, oro har, gizarteko eragile guztien artean.

Askotariko hitzaldiak

Ozeanoen Munduko Egunarekin lotutako hitzaldiez gain, Bioterraren programan zenbait ikuspuntutatik landuko dira ingurumenarekin lotutako zenbait gai. Horrela, Irene Baños ingurumenean eta klima-aldaketan espezializatutako kazetari eta dibulgatzaileak azalduko digu nola eman ekoantsietatetik ekimenerako jauzia. Bestalde Nicolás Olea medikuntzako katedradunak gai hautatu du bere hitzaldirako: «Plastiko bidezko kutsadura: ekonomia zirkularraren porrota».

Horrez gain, tailer parte-hartzaile bat antolatu da «Portaclima topaketa» izenburuarekin. Bertan, pertsona kontzientziatuek eguneroko bizitzan darabiltzaten trikimailuak partekatuko dituzte, askotariko alorretan, hala nola elikadura, mugikortasuna, etxebizitza, kontsumoa, ura, aisialdia, finantzak eta parte-hartzea.

Proiektuak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodiversidad fundazioaren babesa jaso du, Klima Aldaketari Egokitzeko Plan Nazionala (2021-2030) ezartzen laguntzen duten proiektuak egiteko laguntza-deialdiaren bidez.

Sukaldaritza

Showcooking saioak dira Bioterrako bisitariei gehien gustatzen zaizkien proposamenetako bat. Espazio nagusiki praktiko horretan Bioterrako bisitariak planeta errespetatzen duen sukaldaritza ezagutzen hasiko dira, erakustaldi gastronomikoen eta bestelako jardueren bidez. Aurten zenbait gairen hasi-masietan murgilduko gara: hartzidura, guztiontzako sukaldaritza ekologiko jasangarria, zentzumenen bidezko nutrizioa eta eseniar ogiaren arte zaharra.

Atal honek, ohi bezala, Euskadiko eta Nafarroako kontseilu arautzaileen babesa du.

Biobeauty eta bizimodu jasangarria

Kosmetika ekologikoa eta ekonomia zirkularra dira Emaus fundazio sozialak apaindutako espazio honen protagonistak. Hondakinetatik eta alferrik galtzen uzten dugun horretatik abiatuta, ingurune goxo, estetiko eta funtzional bat sortzen da, partekatzeko, ikasteko eta hausnartzeko.

Espazio honetan askotariko gaiei helduko zaie, esate baterako Sara Sierrak proposatzen digunari: osagai naturalen kimikak larruazala eta ilea nola hobetzen dituzten ulertzen lagunduko digu. Edota Josefina Llarguések landuko duen gaia: «Itsasoko farmazia, algak eta itsas ura: ezaugarriak, errezetak eta etxeko botikak».

Espazio horretan, gainera, kosmetika naturaleko tailerrak emango dira, Recicla Birziklaturen eskutik, eta Ana Gonzálezen eta José Mendiolaren «El arte de vivir lento» liburua aurkeztuko da.

Bioeraikuntza eta Eraikiz Gunea

Bioeraikuntza, zalantzarik gabe, gorabidean dago, eta Bioterrak merezi duen lekua eman nahi izan dio. Horrela, Ficobako 1. pabilioian espazio bat instalatuko da, bioeraikuntzan, energia berriztagarrietan eta ekonomia berdean interesatutako pertsona guztien topagune izan dadin. Espazio horretan erakusketa eta hitzaldi-programa propioa uztartuko dira: Eraikiz Gunea, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Jasangarritasun Batzordeak koordinatua.

Aurten gai ugari landuko dira, hala nola hondakinen trafikoa, arrain-irinaren industriaren eragin negatiboak, mendian bizitzen ikasiko dugu, Gipuzkoako Energia Eraldaketako bulegoa ezagutuko dugu, baita lurraldeko ur-baliabideak ere, birgaitzeetako jardunbide egokiak eta bioeraikuntzako 15 jarraibideak ikasiko ditugu eta basogintza jasangarrian sakonduko dugu. Protagonista izango dira, halaber, etxe ekologikoa, horma hezeak amaitzeko gailu berritzaileak, etxerako energia berriztagarrien hautua, naturan oinarritutako diseinuak hiri-diseinu jasangarri baterako eta, gainera, Stolen Fish  dokumentala ikusiko dugu: bertan kontatzen da nola

Gambian arraina gutxitzen hasi den, Txinako zenbait enpresa legearen kontra arraina pentsua ekoizteko erabiltzen hasi direnetik, gero Europara esportatzeko.

Eta, programa osatzeko…

Bada gauza gehiago. Urtero bezala, Yoga Eguna ospatuko dugu. Ekainaren 9an, igandearekin, goizeko 10:30etan Maria Eskitxabelek Master Class bat zuzenduko du.

Bioterrara familiarekin etortzen direnek elkarlanean mural bat pintatzen lagundu dezakete, ingurune jasangarri bat lortzeko, edota baratzezaintzari buruzko edo bizikleta hobeto erabiltzeko tailerretan parte hartu. Bizikletez ari garela, Dani Cabezas kazetari eta musikari madrildarra ere Bioterran izango da. Ciclosfera hiriko txirrindularitzari buruzko aldizkariaren erredaktoreburua eta La revolución silenciosa: la bicicleta como motor de cambio en el siglo XXI liburuaren idazlea da, eta garraiobide jasangarri horri buruzko hitzaldi bat eskainiko du.

Eta txirrindatik jaitsi gabe, Bioterrako edizio honetan edonork izango du bigarren eskuko bizikleta bat saltzeko eta erosteko aukera. Ekimen hori Txingudiko Zerbitzuekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuarekin elkarlanean antolatu da, ekonomia zirkularra eta mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz. Saltzeko ezinbestekoa da plaza erreserbatzea www.txinzer.eus/merka2dasoa webgunean. Haurrentzako, kadeteentzako eta helduentzako bizikletak sal daitezke. Erabiltzeko egoera ezin hobean egon beharko dira, eta salmenta-prezioak ezin du 500 €-tik gorakoa izan. Saltzaile zein erosleek 18 urte baino gehiago izan behar dituzte. Erakusketa egunero berrituko da.

Erakusketetarako espazio bat ere erreserbatu da. «Helmuga bat, mila bide» erakusketatan erronka globalei erantzuteko Iparraldeko zein Hegoaldeko herrialdeetan egindako jardunbideen adibideak bildu dira; «Itsas energia berriztagarrien proiektu bereziak Euskadin» argazki-erakusketa; «Fashion Revolution: hondakinak baliabide» esposizioak ehungintzako baliabideen arazoak eta ingurumen-inpaktua azalduko dizkie herritarrei; eta «Hilero, bilketa bat» erakusketa, Recicla Birziklatuk eta Hendaiako San Bixente ikastetxeak sustatutakoa.

Urtero bezala, proposamen gastronomikoak izango ditugu bioterrazan, eta zozketak egingo dira produktu ekologikoen loteak eta azokan erabiltzeko erosketa-bonuak banatzeko, eta 100 €-ko zozketak ekimenarekin bat egin duten Gipuzkoako belar-denden bezeroen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude