IIrungo Udalak jakinarazten du Ignacio Zuloaga (1870-1945) margolari eibartarraren “Mujeres de Sepúlveda” koadroa (1909), Udaleko Areto Nagusian bueltan dela. Koadroa Irunera itzuli da “Zuloaga and the Myth of Spain” erakusketan egon eta gero, bai Municheko Kunsthalle München museoan 2023ko irailaren 15etik 2024ko otsailaren 24ra, bai Hamburgoko Bucerius Kunst Forum-ean 2024ko otsailaren 17tik maiatzaren 25era.
Udal-pinakotekan dagoenetik, beste zenbaitetan ere utzi du Udalak margolan hau, erakusketetarako: Azken lagapenen artean, aipagarria da Granadara bidali zenekoa, hiri hartako Karlos V.aren jauregian margolari gipuzkoarrari eta Manuel de Fallari buruz egin zen erakusketarako, Bilboko Arte Ederren Museoari utzi zitzaionekoa eta, berrikiago, 2021ean, artelana Espainiatik kanpora bidali zen lehen aldia: Tallinneko (Estonia) Mikkel Museora, hain zuzen ere.
Irungo herriari oparitua
Ignacio Zuloaga hiri paisaiaz interesatu zen, etxe pitzatu zaharrez, eraikin herrikoiez eta urteen eta historiaren poderioz higatutako harlanduzko fatxada nobleez. Hasiera batean, baina, paisaia hori bigarren mailan jarri zuen, koadroen atzealdean.
“Mujeres de Sepúlveda” koadroan, figurek berek begiratzen diote Erdi Aroko herri bati, amildegiz eta muinoz osatutako paisaia lakar baten gainean pilatutako bide oker eta etxeei. Oihalaren ertz batean irakur daitekeenez, Zuloagak Irungo herriari eskaini zion koadroa.



