Ikasturte akademiko berri baten hasiera erronka eta helburu berriak ezartzeko unea izan ohi da. Hain zuzen ere, horixe egin nahi izan dute Ainhoa dantza akademian urrian hasiko den 2024/2025 ikasturteari begira. Horretarako, Ainhoa Pardo eta Marta Sagües akademiako lantalde osoarekin batera prest daude dagoeneko, proposamen berritzailez beteta, datorren ikasturtea hasteko.
Hastear den ikasturteko berrikuntza nagusietako bat, astean zehar jarduerak eskaintzeaz gainera, asteburuetarako planak ere antolatuko dituztela izango da. Ainhoa Pardok azaldu duenez, “garrantzitsua da ikastaroa pilak kargatuta hastea, gauza berriak eskaintzen jarraitu ahal izateko eta jendeak beste gauza batzuk probatzeko aukera izan dezan”. Horrela, larunbatetan dantza akademiako haurrentzako ekintzak antolatu nahi dituzte. “Txikien gustukoak diren Euskal Herriko pertsona eta pertsonaia ezagunak ekarriko ditugu gure akademiara, beraiekin batera gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Marta Sagüesek.
Txikiez gain, helduagoek ere asteburuez gozatzeko aukera izango dute Ainhoa dantza akademian. Horretarako, oso modan dauden musikalak lantzea pentsatu dute, asteburuez beste era batera gozatu ahal izateko. Antzerkia, kantua, dantza eta interpretazioa uztartuz, parte-hartzaile bakoitzaren trebetasun artistiko eta sortzaileak aberastuko dira, elkarlana eta talde lana sustatzen duten bitartean. Gainera, akademiako irakasleek adierazi dutenez, dantzaren mundua mugarik gabe aztertzeko gonbidapena izango da. Tailer hau guztiontzako pentsatuta dago, esperientzia edo trebetasuna alde batera utzita.
Lab Femme
Bestetik, emakumeen hazkunde fisikoa, mentala eta pertsonala lantzeko gune berri bat sortu dute, Ainhoa akademian emakumeek beren gorputza zaintzea, errespetatzea eta ezagutzea funtsezkoa dela uste baitute. Ainhoa eta Marta ez dira proiektu berri hauekin liluraturik dauden bakarrak, jendea hasia baita jada proposamen berrien inguruan galdezka.
Ainhoa Pardok adierazi duenez, Emakumearen zaintzara bideratutako hainbat ekimen antolatuko dituzte Lab Femme proiektuaren barruan, besteak beste, emakumeentzako nutrizio berezia, zoru pelbikoko tonifikazioa edo emakumeentzako defentsa pertsonala. “Mugimendua gorputza zaintzeko beste bideetako bat dela erakutsi nahi dugu”, azaldu du Ainhoa Pardok.
Aipatutako proiektu berriez gain, gaztetxoek ere ekintza bereziak izango dituzte ikasturte honetan aukeran. Ainhoa Pardok adierazi duenez, hiruhileko bakoitzean akademiara dantza irakasle ezagunak ekartzen ahaleginduko dira, gazteek dantza irakasle ospetsuekin batera trebatzeko aukera izan dezaten. Marta Sagüesek aipatu duenez, “gure dantza akademia espazio segurua izatea nahi dugu; akademia bat baino zerbait gehiago izan nahi badugu sare bat sortu behar dugu gure artean”.
Beraz, Ainhoa dantza akademian jada prest daude 2024/2025 ikasturteari hasiera emateko, dagoeneko errotuta dauden dantza eskolak proposamen berritzaileekin bateratzeko prest. Aurretik azaldutako jardueren inguruko informazio guztia dantza akademiaren webgune berrituan kontsultatu daiteke, ekintzetan izena emateko aukerarekin batera.



