Partidaren azkeneko minutuetan ihes egin die Txingudiko neskei Durangoren garaipenak

Argazkia: Biok Txingudi eta Arrasate/Eibarren arteko partidaren irudiak (Egilea: Yaiza García)

Etxean estreinaldia borobila izan zitekeen Biok Txingudirentzat, baina Durangoren defentsak ez zien aukerarik eman. Azkenean garaipenak ihes egin zien Biok Txingudiko neskei 10-14 markagailuarekin. Momentuz, B multzoko sailkapenean lehenengo kokatzen da Txingudi eta, datorren astean, Logroñon izango du partida.

Norgehiagoka oso parekatua izan zen momentu oro eta 24. minutura arte ez zen markagailua mugitu. Bisitariek, entsegu eraldatuarekin, zazpi puntuko aldea lortu zuten aurrea hartzeko. Hamar minutu geroago, Txingudi defentsa egiten ari zen presio handiak bere fruituak eman zituen, baloia berreskuratuz eta, durangarren entsegu-eremutik gertu denbora luze eman ondoren, Laida Rodriguezek beltz eta zurien lehenengo marka lortu zuen (5-7).

Partido osoan zehar, bi taldeek joko oso sendoa erakutsi zuten, baina ez batak ez besteak ez zuten lortzen puntuak gauzatzea. Atsedenaldira iristear zegoela, Durangok defentsa-lerroa haustea lortu zuen bigarren entsegua hagetatik gertu egiteko, ostikada erraztuz eta 5 eta 14koa jarriz markagailuan.

Bigarren zatian baloia Txingudirena izan zen, baina bizkaitarren defentsa lan sendoak aukerak zapuztu zituen pixkanaka. 54. minutuan, zigor kolpe bat azkar jokatuz, Enara Arruti aurkariaren entsegu-eremura iritsi zen taldearen bigarren entsegua lortzeko (10-14).

Behin eta berriz saiatu baziren ere, mugako jokalariek ez zuten defentsa zulatzen lortu eta Durangok etxekoek galtzen zuten baloi bakoitza bere zelaitik urruntzen zuen. Honela, amaierara iritsi zen norgehiagoka, Durangok 4 puntu eramanez etxera eta Biok Txingudik bonus puntu bat eskuratuz.

Etxekoen hasierako hamabostekoan Lucía Durán, Alazne Macicior, Maren Santa Cruz, Maddi Garmendia, Sandra Ramos, Lohitzun Aia, Garazi Santos, Miren Fernandez, Enara Arruti (kapitaina), Alba Saiz, Ane Novo, Paola Vega, Naroa de la Fuente, Uxune Aranburu eta Leire Muñoz aritu ziren. Partida eserlekuan hasi zuten Lupe Pescador, Maddalen Alberdi, Iara de Almeida, Lur Gaston, Irati Beraiz, Udane Diez eta Laida Carrok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude