Hiriko berdeguneak, parkeak eta lorategiak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko lanak kontratatu dira. Iragan abenduaren 27ko tokiko gobernu-batzordeak onespena eman eta gero, Irungo Udaleko Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloak jakinarazten du
Kontratuak bi urteko iraunaldia izango du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin, eta guztizko aurrekontua urtero 2.027.960 eurokoa da (BEZa barne). Honek 300.000 euroko igoera suposatzen du azkeneko kontratuarekin alderatuz.
Jon Ugarte ordezkariaren hitzetan, «kontratu hau sinatuta, herritarrentzako hiri berde eta atsegin bat izaten jarraitzeko Udalaren konpromisoa berretsi dugu beste behin ere. Hiriko eta bere berdeguneen mantentzeko kontratu garrantzitsuenetako bat da hau, hiritartasunak gehien balioesten eta aitortzen duen gauzenetako bat, hain zuzen, horregatik, nabarmen handitu dugu mantentze-lanen esparruan sartzen diren lurren azalera, azken kontratuarekin alderatuta. Hiri osoak arnasa egiten jarraitzeko gune berde eta osasungarriak nahi ditugu».
Urteak dira elementu ez kutsatzaileak erabiltzen direla ingurumen-irizpideekin bete ahal izateko hiriko parke eta lorategien zainketan eta mantentzean. Obrak, Mantentzea eta Azpiegituren arloaren kontsignetako bat da lorezaintza zerbitzuak inguratzen gaituen dibertsitatea zaintzen jarraitzeko ingurumena kutsatu gabe.
Aipagarria da mantendu beharreko azalera, guztira, 1.162.124,57 m2 direla, hau da, 2020ko lizitazioan baino 72.073,75 m2 gehiago.
Horrez gain, Udalaren mintegiaren ustiaketa eta mantentzea ere sartu dira kontratuan. Horrela, sasoiko loreak dagokion garaian eskuragarri egongo direla bermatuko da, eta baldintza onenetan. Siutzen dauden landareak, sastrakak eta zuhaitzak egoera ahalik eta onenean mantentzeko beharrezkoak diren lan guztiak gauzatu beharko ditu enpresa lizitatzaileak, horiek behin betiko kokalekuan landatzen diren arte.
Kontratuaren izaerari dagokionez, desgaitasuna dela eta gizartetik baztertuta dauden edo geratzeko arriskua duten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea sustatzeko balioko du. Horretarako, kontratuan parte hartzeko baldintza da ekimen sozialeko enplegu-zentro berezia edo laneratzeko enpresa izatea, eta gutxienez langileen % 30 desgaitasuna duten langileak izatea.



