Urtarrila iristearekin batera, Ola sagardotegiak urtero moduan txotx irekiera ospatuko du urtarrilaren 19an, igandean. Aurtengoa ordea, berezia izango da, Meaka auzoko sagardotegiak 25 urte betetzen ditu eta. Hori dela eta, txotx irekiera berezia antolatu dute, herri kirolak eta erromeria eta guztia.
Eguneko ekitaldiak goizeko 12:00etan hasiko dira, taberna ireki eta 2025eko sagardo berria dastatzeko aukera egongo da. Gainera, txorizo sagardotan pintxoak banatuko dira denontzat. Bitartean, frontoian Herri Kirolen erakustaldia egingo da.
Eguerdiko 14:00etan txotx irekiera egingo da. Bertan Xabier Martiarena Bengoetxea, beren lehengusua eta sega munduan Bengoetxea II izenez ezaguna omenduko dute. Ondoren, bazkariari hasiera emango diote. Bazkariak 45 euroko prezioa du, baina sarrera guztiak salduta daude dagoeneko.
Azkenik, arratsaldeko 18:00etan sagardotegiaren kanpoaldean erromeria egingo dute. Bertan taloak erosteko aukera egongo da. Beraz, 25. urteurrena ospatzeko euskal kulturaz, zaporez eta kirolaz beteriko eguna antolatu dute iganderako.



