Abian da XLVI. Kutxa Fundazioa Irun Literatur Sarietarako izena emateko epea. Kutxa Fundazioak lehiaketaren oinarriak argitaratu dituela jakinarazi du Irungo Udaleko Kultura Arloak. Edizio honetan ere, nobela eta poesia modalitateak sarituko dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Lanak onartzeko epea 2025eko apirilaren 23an bukatuko da, Euskadiko 00:00etan, eta irabazleak irailaren 13an iragarriko dira, 13:00etan.
Sarien oinarrien arabera, lehiaketa zabalik dago euskarazko nahiz gaztelaniazko idazleentzat, edozein dela ere horien nazionalitatea. Lan originalak eta lehendik partzialki edo osorik argitaratu gabeak eta inongo literatur lehiaketatan saririk eskuratu gabeak aurkeztu ahal izango dira. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketaren kategoria bakoitzeko. Ezingo da lan berdina aurkeztu kategoria bereko bi hizkuntzetan.
Poesia modalitatean, “gutxienez 800 bertsoko luzerako lanak” aurkeztu ahalko dira, “errimaren, neurrien eta gaiaren aldetik askatasun osoa dutenak”, eta saria 15.000 euro eta garaikurra izango dira. Nobela modalitatean, berriz, “lanek gutxienez 150 folioko luzera izango dute, eta edozein gai eta narraziokoak izan daitezke”, eta saria 20.000 euro eta garaikurra izango dira.
Lehiaketan izena emateko, formulario digital bat aurkeztu beharko da, eta lanak modu telematikoan eta inprimatuta aurkeztu. Lana telematikoki aurkezteko, Kutxa Fundazioaren webguneko esteka erabili beharko da. Gainera, posta bidez, aurkeztutako obraren kopia inprimatu eta koadernatu bat helarazi beharko da, helbide honetara: XLVI. Kutxa Fundazioa Irun Literatur Sariak, 2025. Modalitatea [zehaztu]. Gureak Marketing. Gurutzegi Bidea 14-18, 9 pabiloia. 20018 Donostia (Gipuzkoa).



